Bi lagunen lana eta esfortzua nabarmendu du Maramara enpresaren Mintzanet proiektuak, «bidelaria» bata (euskara hobetzen ari dena eta horretarako beste pertsona baten laguntza behar duena), «bidelaguna» bestea (euskara ongi dakiena eta praktikatu nahi duenari laguntzen diona).
Mariaje Barandiaran (Donostia, 57 urte) da bidelaguna. Donostiako emakume batekin eta Uruguaiko gizon batekin hitz egiten du astero, eta, berak dioenez, erosoa eta erraza da. Bidelaria, Raul Alfaro "Falu" (Zarrakaztelu, 37), donostiar batekin aritzen da eta, bere esanetan, Mintzanet-ek Interneteko mundu zabal horretan euskarak zeukan hutsunea bete du.
Mintzanet proiektua 2012ko abenduaren 3an abiatu zuen Maramarak, eta atzo II. Mintzanet Sariak banatu zituen Donostiako Camino Doktorearen liburutegian. Munduko edozein txokotan egonda ere euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen duen proposamen berritzailea da Mintzanet; Internet bidez, noiznahi, euskaraz mintzatzen diren lagunen topagunea.
naiz.info