Atzo berean izan nuen proiektu berri baten berri. Euskarazko hedabideen munduarekin ikusteko du eta, makurrik ezean, heldu den hilabetean hasiko da bidea urratzen. Ez da iraultza bat izanen, baina bere apurra eginen du gure ekosistema apala elikatzen eta zurkaizten. Bultzatzaileen ilusioa sumatu nuen haietariko batekin mintzatzean. Alabaina, gogoa eta grina aski ez direnez, proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izanen du, lehen abiadari bulkadatxoa emateko bezainbatekoa. Hori gabe, hutsean geldituko litzateke sustatzaileen sua. Seguru aski, gobernu honen iraupenaren baitan egonen da proiektu horren bizia ere. Bertze aunitzen kasua ere bada. 2015ean proiektu ez zuen Gobernuaren laguntzarik izanen, mespretxua baizik. Iduri du oroitarazi beharra dagoela: duela 4 urte, azkenaren azkenak ginen hemen euskaldunak. Azkenaren azkena, euskara bera. Etsai garbiak genituen nafar erakundeak. Ez da mintza-tzeko manera bat, lizentzia literario bat, biktimismoak eragindako gehiegikeria bat. Hitzik zehatzena da haien jarrera deskribatzeko. Etsaitasuna, ezinikusia, ezin-aditua adierazten zizkiguten, aukera izan ahala, gobernatzen gintuztenek. Ez gintuzten begi parean nahi, ez zuten gure presentzia jasaten. Gutxieste, baztertze eta ez-ikuste ariketa etengabea zen haiena. Hori, bederen, eta hagitzez gauza gehiago, desagertu egin da lau urte hauetan. Hiru asteren buruan bozkatzera joko dugu berriz. Auzia ez dago garbi. Alde txikiz utzi behar izan zuten gobernua. Alde txikiz itzul litezke. Hala bada, ez gara lehengora bueltatuko. Legegintzaldiaren joan-etorrian ez dira lotsa izan beren gogoa ezkutatzeko. Motozerrarekin etorriko dira, lau urte hauetan eraiki den guztia eraistera. Baita gure esperantza ere. Maiatzaren 26an satorrek ere atera behar lukete beren zuloetatik, botoa ematera.
Aingeru Epaltza Diario de Noticias-en