Páginas

martes, 26 de abril de 2022

MACRON, GURE POZGARRI

       Nolako garaiak bizi ditugun, poztu behar dugunean Emmanuel Macronek segituko baitu Frantziako lehendakaria izaten. Hautu zitala zuten igandean mugaz bertzaldeko biztanleek. Zer nahi duzu, kaka-zarra ala kaka-zaharraren zaharra? Frantses gehienek kaka-zaharraren alde egin dute, ba-tzuek kontent, bertze batzuek sudurra tapatuta. Ezin ahantz, haatik, 5etik 2k aukera kiratsenaren aldeko apustua egin dutela. Helburuak bete gabe ere, eskuin muturrak goiti egin du eta inork uste badu horrek ez duela ondoriorik izanen Pirinioetako alde honetan, ametsetan dabil. Gure politikarien artean ez dut gogoeta handirik sumatzen horren gainean. Ea faxismoaren aurkako manifestazioak baina ekintza burutsuagoak ikusten ditugun. Bederen, Iparraldeko gure anai-arrebek ez gaituzte lotsagarri utzi. Marine Le Penek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eskuratu ditu Frantziako Estatu osoko emaitza kaskarrenetariko batzuk, banaz bertzekoa baino 6 puntu gutiago. Ikustekoren bat izan du horretan azken egunetan RNko hautagaia eskualdeetako hizkuntzak –bretoia, katalana, euskara– eskola sistematik ateratzearen alde agertu izanak? Auskalo. Macronek Ipar Euskal Herrian dituen zaleek ez dute parada galdu adierazpen horiek haizatzeko, euskaltzaleen artean eskuin muturraren kontrako botoa mobilizatu nahirik. Horietariko aunitzek sabela uzkurturik bozkatuko zioten murgiltzea kolokan jarri edo baxoa euskaraz egitea galarazten duen politikariari, baina horrelako komeriak dakartza makurraren eta makurragoaren artean hautatu beharrak. Kontuak kontu, Macron bertze 5 urtez izanen da Frantses Errepublikako lehendakaria. Beteko ote du Korsikari autonomia handiagoa emateko hitza? Horrek eta bertze kontu batzuek zinez interesgarri eginen dute haren agintaldi berria. Erne egoteko motiboak ez zaizkigu faltako.

Aingeru Epaltza, Diario de Noticias aldizkarian

NOCHE DE CONCIERTO EL VIERNES 29 EN LARRAGA

 

      Estos tres grupos estarán en la noche del 29 de abril en la carpa de la Plaza de los Fueros de Larraga como anticipo de las fiestas en honor al Santo Cristo del Socorro.