Páginas

jueves, 30 de octubre de 2008

DAVID JAIME DEAN (1887-1949) TAFALLAKO ERREPUBLIKAR EUSKALDUNA





1887ko maiatzaren hamaseian jaio zen. Europar kontinentean Italia eta Alemania batu berriak ziren, mendetako zoritxar nazionala baztertuz. Hego Euskal Herrian, Nafarroa Garaian bereziki, azken guda karlistaren ondorio latzak airean ziren eta urte guti falta zen «Gamazada» izeneko matxinada herrikoia gerta zedin. Ordurako Iparragirre urretxuarra hila zen eta Sabino Arana Goiri izeneko abantoar batek bere burua abertzaletzat hartzen zuen jadanik. Tafalla ondoko Orbaibarreko herrixketan, bertzalde, euskara hiltzen ari zen eta ez zirudien Iruñeko Txapitela karrikako Arturo Kanpion buru zuen nolabaiteko euskaltzale taldearen lanaren helburua Tafalla alderat bideratzen ari zenik.

Gure hizkuntza hainbertze maite zuen David euskaldunberria zen. Alta, Nafarroako bertze herri batean, garai hartan arrunt euskalduna eta bertsozalea zen Eugin Bonaparte printzearen Iruñeko nafarrera ikasi zuen, hau da, Esteribarreko iparraldeko herri handian, Iragi, Urtasun, Baztan eta Xalbadorren Urepeleko mugetan dagoen horretan, Mendialdeko bihotzean. Egun bere baitan oraindik euskaldunak dituenean, hain zuzen. Bertan jaio baitzen, kasualitatez, bere aita liberalaren lana zela medio. Tafallar hau, denboraren poderioz politikaren ur nahasietan murgilduko zena, euskararen alde beti mintzatu zela dirudi. Dena den, eta une horietako euskaltzale ezagunenen artean hagitz gutitan jaso bada ere, David ez zen apaiza edo jaunttoa, eliza katolikoaren aurkako nafar euskaldun hau, Altsuko Constantino Salinas moduan ezkertiarra baitzen. Hortaz, euskara eta euskal kultura maite bazuen ere, ez zen «Larreko»ren sokakoa, epe historiko horretan Nafarroako euskal kulturan hainbatetan nabarmenarazi den balizko monolitismo ideologikoa kolokan jarriz.

Gaztetan ezkertiar ideiak bere egin zituela idatzi da. Argia eta alaia, erakargarria, Jose Mari Espartza Zabalegik bere garaia aztertzerakoan liburuan azaldu duenez —«Un camino cortado. Tafalla 1900-1939»—, nafarrak emaniko hitzaldietan bertze politikariak kritikatzeko erabiltzen zuen tresna nagusia ironia zen. Mundua ezagutzen zuen, Kuba eta Buenos Aireserat egin zituen bidaiak lekuko. Baina bidaia horiek bere burua jantzi bazioten ere, osasuna errekarat eraman zioten, zeren eta hil arte arnas arazo larriak pairatu baitzituen. Bidaiak egin ondoren, Etxarri Aranatzen eman zituen urte batzuk eta honek ikasiriko euskarari eusten lagundu zion. Bertsotan ere aritzen omen zen. Bertako Martina Larrazarekin ezkondu eta handik gutirat emaztea alaba batez erditu zen, baina tikia une horretan bertan hil zen, bikotearen bihotzak goibelduz. 1921ean Tafallako «Cooperativa Vinicola» zelakoan kudeatzaile lanpostua eskuratu zuen, enpresak bizi zuen egoera larria hobetuz. 1931n Tafallan errepublikar zinegotzia zelarik, Nafarroako Foru Aldundian ere lan handia bete zuen, hautetsia zelakotz. Aipaturiko aldundian indarrean zegoen ustelkeriaren aurka aritu zen, bera pobrezia duinean bizi zela bertzeei erakutsiz. Bertzalde, bere herriko «Acción Socialista» eta «Izquierda Republicana» taldeetako burua izan zen. Antza denez, eta bertzeak bertze, praktikan euskararen ofizialtasuna Nafarroa osorako zabaltzea bultzatu zuen, Arturo Kanpionen taldekoek eskatzen zutena baino hagitzez neurri aitzineratuagoa, alegia. Lizarrako Euskal Estatutuaren aldekoa, erakutsi zuen jarrera eragin handikoa izan zen. Bere merinerriko (merindadeko, nafar eskualdeko) herriek aldeko bozka eman zutela erraitea nahikoa izaiten ahal da, hots, guziz erdaldunduak ziren Tafalla, Erriberri, Faltzes... Eskualde honetan nagusi zen nekazal munduan, EAJ alderdiak indar eskasa zuela oroitarazi beharra dago. Estatutuaren zirriborroa prestatu zuen Eusko Ikaskuntzako partaide honen lana erraldoia izan zela bistan da: EAJ eta errepublikar ezkertiarren artean diferentziak baziren ere, elkarlana eman zelakotz. Jaimek, Lorente alkateak, Telesforo Montzonek eta Irujok Estatutuaren aldeko lan handia egin zuten, merinerriko hogeita zortzi herrietako ordezkariekin bi batzarre antolatuz.

1936an bere herrian bertan babesa eman zioten. Bazter guziak miatu bazituzten ere, ez zuten topatu. Etxe batean ezkutatu zen eta han bere emazteari eginikoa ezagutu zuen —atxiloketak, isunak, ilea moztu, tortura—. Erresistentzia sareak ondoko Artaxonarat eraman zuen, azkenik, eta Azagra nahiz Azkoiengo bertze iheslari batzurekin mugarat abiatu zen. Bere osasun arazoak zirela eta bideko Ultzamako Alkotz herrian gelditu zen, hango emakume batzuek babesa eman ziotelakotz. Alta, pasadizo latz hartan euskalduna izaitea lagungarria izan zitzaion. Haran berean, haiek jakin gabe, Tafallako alkatea zen Julio Iribarren ere babesturik zegoen. Gaulana nagusi zen garaian zaldiz pasa zuen muga, laguntzarik gabe. Jende anitz atxilotu eta erail zuten bera harrapa ez zezaten mugimendu herrikoian. Izan ere, David Jaime Deanekin batera lagun anitzek alde egin zuen Tafallatik, fusilamenduak saihesteko. Horien artean Santiago Doxandabaratz euskal abertzale fina, Venezuelarako bidean Baionarat joan zena. Lapurdiko hiribururat ere Jose Alfarok jo zuen, herriko espetxetik ihes egin eta gero. Vicente Esparza, Felix Yoldi, Vicente Ozcariz zein Justo Valencia Euzko Gudarostearekin bat egin zuten eta Jose Ezpeleta kataluniar fronterat abiatu zen. Pedro Bermudez, Serafin Indart, Maximo Martinez, Primitivo Lorea edota Felix Sanchez, bertzeak bertze, Frantziako kontzentrazio zelaietan sartu zituzten, laster nazien eskuetan geratzeko. Frankistek Nafarroan fusilaturiko milaka lagunen artean ez izanik, Iparralderaino heltzea erdietsi zuen. Euskal lurraldeetatik irten gabe, Hego Euskal Herriko erbesteratuen alde lana egin eta Nafarroako Kontseilua antolatu zuen. Erakunde horretako lehendakaria zen. Erakunde honek 1936-1939ko gertakariek sorturiko nafar erbesteratuak elkartzea zuen helburu, baita frankismoa garaitu ondoren Euskal Estatutua antolatzea ere. Erakunde honetako bultzatzaileak David Jaime Dean, Rufino Garcia Larache eta Javier Domezain izan ziren. Ia nafar errepublikar guziak batzea erdietsi zuen, baita Euskal Estatutuarekin hagitz kritikoak zirenak ere. Europak bizi izan zuen ondorengo gerrate ikaragarrian, hala ere, Nafarroako Kontseilua desegin zen, partaideak Europa eta Ameriketan sakabanatuz. Ez dirudi urte horietan ere erbestean zegoen Euzko Jaurlaritzarekin batere ongi moldatzen zenik, eta euskaraz idazten zizkien eskutitzetan Nafarroa abandonatzea aurpegiratzen omen zien EAJko buruzagiei. 1949ko urriaren hogeita bederatzian Lapurdiko Kanbo herrian hil zen. Hirurogeita bi urte zuen. Orokorrean ez duzu, irakurle, euskal entziklopedietan politikari euskaldun honen berri topatuko, ezta Nafarroako entziklopedietan ere
(ARGIA)

No hay comentarios:

Publicar un comentario