Páginas

lunes, 12 de abril de 2010

ARTAXOARA

Martxoaren 28 an Iruñeko karriketatik manifestazio jendetsua izan genuen "Euskara hautatzeko eskubidea" lemapean. Euskararen legeak Nafarroako eremu ez euskaldunean kokatzen dituen herri askoren gurasoek deitu zuten manifestazio horretara euren seme-alabek bizi diren herriko eskoletan euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko. Gaur egungo egoerarekin kokoteraino daude. Egungo Nafarroako Legearen inguruan Gobernuak egiten duen irakurketa euskofoboak D ereduan matrikulatzeko aukera ukatzen die herri askotan bizi diren guraso horiei, eta manifestazioaren bidez egoera baztertzaile hori salatu eta konpontzeko bitarteak jartzeko eskatu zuten. Guraso horiek zioten bezala "guk ere nahi dugu gure seme-alabek atzerriko hizkuntzetan hitz egiten jakitea, baina Nafarroako bi hizkuntzak ongi ezagututa".

Baina manifestazio horrek jarraipena izango du datorren igandean, apirilaren 18an, festa eder batean. Artaxoan izango da, Zerkoren herrian, Mendigorrian eta Larragan dauden gurasoen semealabek D ereduan ikas dezaten laguntza emateko. Guraso horiek haien herrietatik atera eta eremu mistoko Garesko eskola publikora eraman behar dituzte. Nafarroako Gobernuak ez ditu ez garraio ezta jangela zerbitzuak ere ordaintzen, eta euren poltsikotik jarri behar izaten dute dirua. Festa, Mendigorria, Artaxoa eta Larragako gurasoak, Sortzen-Ikasbatuaz-en laguntzarekin antolatzen ari dira. Mendigorriak euskarazko eskola publikoa aldarrikatzea du helburu eta hango gurasoek euren semealaben garraioan sosa gutxi batzuk jasotzea. Adibidez, aurten bost ume daude Mendigorrian euskaraz ikastea hautatu dutenak. Hauek taxi bat hartzen dute egunero Garesko eskolara joateko eta egunean 30-35 euroko kostua dute. Ikasturte honetako 175 eskola-egunetan 5.252 euroko kostua aterako zaie ume hauen gurasoei. Oztopo guztiak gaindituz, Artaxoatik ere, egon badira guraso batzuk eremu mistoko eskola publikoetara joateko antolatzen direnak, eta egunero Tafallako ikastolara ere abiatzen den kotxea hor dugu. Euskaraz ikasteko egiten diren esfortzu anonimoak dira. Apirilaren 18an gure sostengua izango dute. Euskaltzaleok Artaxoan euskaldunak izateko eskubidea ukatzen dietenen aldeko festa dugu.
Roldán Jimeno (Diario de Navarran)

No hay comentarios:

Publicar un comentario