Páginas

sábado, 28 de mayo de 2011

BILDU ALA ZABALDU


Estatu eremuan, alderdibitasunaren miseriak: ezkerretik itxurazko alternatiba aurrerakoiari zigortu behar zaionean, atzerakoienen eskuetan utzi behar, nahitaez, aginte makila, hau da, gizarte justuago baten esperantzak are gehiago zapuztuko dituenari.


Nafarroan, argi azaldu zuen Miguel Sanzek bere lasaitasunaren funtsa: UPNren aurreko alternatiba bakarra abertzaletasunetik pasatzen da, hau da, PSNk inoiz onartuko ez duen aliantza batetik. Gauzak horrela, nafar indar euskaltzale eta abertzaleen eginkizuna UPNren aroa eteteko, nafar gizartearen geruza aurrerakoiak erakartzean, etxetik mugiaraztean, datza. Geruza aurrerakoiak: hots, abertzale ez izanik ere, euskaltzale sendoak ez izanik ere, UPNren aroaz nazkaturik daudenak. Hor dauden geruzak dira, baina zailak mugiarazteko aukera seriorik ez ikusi artean.


Nafar abertzaletasunak bere betiko to-be-or-not-to-ben darrai: abertzale peto guztiak bildu, ala bertze geruzetara zabaldu. Biltzeko beharra izan du korronte batek, birfundatzeko beharra; zabaltzeko aukerak murriztu zaizkio bertze korronteari, bai bere ibilbidean adieraziriko barne sendotasun faltagatik, bai abertzaleen arteko lehiakortasunagatik.


Iluntasun gutxiko argazkia dugu M-22koa: nafar abertzaleak, den-denak bilduko balira ere, ez dira gauza beraiek bakarrik UPNren eta antieuskaltasunaren aroari akabera emateko, baina abertzaletasunetik bakarrik ireki daiteke bide esperantzatsurik. Gakoa: denok biltzeko obsesiotik zabaltzeko asmora pasatu beharko da behingoz.

Bixente Serrano Izko (Argian)

1 comentario:

  1. Bildu ala zabaldu? Hobeki, bildu eta zabaldu.

    Bide politikoak baizik erabiliko ez dituen ezkerreko abertzaletasun sendo bat behar beharrezkoa da Euskal Herrian, baita Nafarroan ere.

    Botuak irabazteko programa leundu eta epeldu duten alderdien artean, mundu zabalean arrakastak eta hondamendiak aurki daitezke. Ezkerreko mugimenduen artean, suizidio pragmatikoak asko izan dira. Gehiegitan, arrakastaren eskutik printzipioekiko traizioa etorri da; kasu horietan, agintea irabazi da, baina ia deustarako ez.

    NaBairi ongi xamar atera zaiola uste dut, orain arte. Ez arrain ez haragi den diskurtsoari esker, hainbat jenderen botua erakarri du. Ez erabat ezker, ez eskuin, ez zentru demokratiko; euskaltzale bai, baina ez abertzale sutsu. Ongi iruditzen zait, horrela alderdi espainiarrei botuak kendu baitzaizkio, baina zalantzan jartzen dut bide horren potentzialitatea.

    Abertzaleek deus pintatzen ez duten Nafarroako eskualde horietara zubiak altxatzea behar-beharrezkoa da. Koxka da, nola demontre egin hori, norberaren ideiak eta nortasuna mozorrotu beharrik gabe.

    ResponderEliminar