Nafarroa Oinez 2012ko abestiaren hitza Julio Sotorena da, San Fermin Ikastolako ikasle ohia eta
Nafarroako Bertsolarien Txapelketako txapelduna, eta kantuaren bidez adierazi
nahi da hizkuntzek mundua kolore anitzez margotzen ahal dutela eta Nafarroa
Oinezen eta ikastolen koloreak euskararenak direla eta euskararen bidez ere,
euskara erabiliz, mundu desberdinak margotzen ahal direla. Musika, berriz, Trikidantz
talde nafarrak egin du eta hautatu zen lehiaketatxo baten ondoren. Aire
alaia eta sarkorra da, dantzatzeko modukoa.
Bideoklipari dagokionez, San Fermin Ikastolako pilotalekuan gehienbat
gertatzen den istorio bat kontatzen da, hau ere margoei eta koloreei lotuta.
Irudietan jende pilo bat dabil hormirudi bat margotzen eta margoekin jolasten,
baina emaitza bukaerara arte ez da ikusten eta azkeneko eszenan agertzen dena da
aurtengo logotipo koloretsua horma batean margotua.
Jatorrizko ideia Iñaki
Aristimuño Ikastolako ikasle ohiarena da. Aristimuño gidoilari profesionala
da eta, besteak beste, “Aquí no hay quien viva” telesaioko gidoian parte hartu
izan du. Gidoi teknikoa eta errealizazioa, berriz, Santi Echeverriarenak dira.
Azken hau Ikastolako aita da eta Ikus-entzunezko komunikazioko irakasle dabil
Nafarroako Unibertsitatean. Bideoklipean Ikastolako komunitateko hainbat lagun
aritu izan dira (ikasleak, irakasleak, langileak, gurasoak) eginkizun
desberdinetan: produkzioa, grabaketa, aktore / aktoresak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario