Páginas

martes, 20 de octubre de 2020

"ANE", AMA BETI AMA


                          Lehengo larunbateko arratsaldeko lehen saioan, ikusle guztiak ez ziren euskaldunak Ane filmaren proiekzioan. Aretoa bete samar zegoen, covid-19a dela-eta gorde beharreko segurtasun neurriak kontuan harturik. Munduaren gainean erori den apokalipsiak ederki kolpatu du euskal kultura ere, baina ez dio etenik ekarri euskarazko ikus-entzunezkoak kantitatez eta kalitatez bizitzen ari diren bolada interesgarriari. Anerekin, izen berri bat gehitu zaio beren lanetarako euskara hautatzen duten zuzendarien zerrendari. David Pérez Sañudo bilbotarrak Arabako hiriburua hobetsi du bere lehen lan luzerako; gure zineman ez da ohiko geografia. Filmeko Gasteiz hori ez da, dena dela, turismo bulegoetako postaletakoa, ezpada Andre Zuriaren plazatik urrun dauden auzoena, babes ofizialeko etxebizitzena eta industria pabilioiena. Halako bazterretan harat-honat dabil Lide, Aneren ama, bere alabaren bila. Pertsonaia hori haragitzeko Sañudok Patricia López Arnaiz antzezle gasteiztarra berreskuratu du euskal zinemarako. Ikusleari ez zaio hautua damutuko. Aldi berean hauskor eta indartsu, aldi berean azkar eta ergel, egia dario alaba –Jone Laspiur– salbatu beharrez edozein gauza egiteko prest agertzen den ama honi. Gure gatazka sozio-politiko(ar)en inguruko fikzio idatzi nahiz ikus-entzunezkoetan, aski bertsio idealizatua aurkeztu izan da militante armatu edo erdi armatuen gurasoen jarreraz, bereziki beren seme-alaben ekin-tzen aldera. Lidek batere miresmenik ez dio Aneren idealismo errebel gazteari, izua baizik. 80ko hamarkadetako heroinazale gazteekikoa oroitarazten du Lideren etxeko egoerak; halakotsua da, junki gezurti eta etxe-jale batena, neskaren erantzuna. Eta hala ere, ama beti ama. Ez du alaba zulotik ateratzeko ahaleginetan etsiko. Zoazte agudo ikustera; gero auskalo ahal izanen duzuen.
Aingeru Epaltza, en Diario de Navarra

No hay comentarios:

Publicar un comentario