lunes, 2 de septiembre de 2013

SIRIAKO ANTZERKIA

Siriako gerrak ez du atzerakorik. Gure «gerrarik ez» guztiek gutxi balio dute. Txartel guztiak salduta daude eta etekinak ongi kalkulatuta. Gerrarena arte zahar bat da, esan ohi zenez; gaur egun, negozio orobat zaharra. Arteagoa zen garaian, antzoki (edo antzerki?) hitza erabiltzen zen gerraren espazioa zedarritzeko: teatro de operaciones, théâtre de guerre.

Gizateriaren ohitura errotua den gerra, garai batean, herrialde batek beste bati, edo herrialde talde batek beste bati, deklaratzen zion bere interesei begira. Gerra eta altruismoa nahastea XX. mendeko ekarpena izan da. Armadek bake misioak burutzen dituzte, giza eskubideen urraketak zigortzen dituzte, demokrazia ezartzen edo itzultzen dute. Gerrarik gabeko munduaren bitarteko hutsa da gerra. Fartsa hori, haur eskola bateko antzezte xumea baino sinesgaitzagoa, non Europaren rola zuhaitzarena izaten baita (hainbeste baliogabetu dira Arte Ederrak Arte Ederretako sorlekuan), amaitzear dago. Barack Obamak iragarri du Siriako gerran AEBetako interesak baino ez dituela gidari izanen. Gerraren antzerki verité berria. Askok eskatu bezala, nik ere uste dut Bakearen Nobel saria kendu beharko lioketela. Literaturarena emateko baina.

Angel Erro, Berrian

No hay comentarios:

Publicar un comentario