Mostrando entradas con la etiqueta euzkitze. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta euzkitze. Mostrar todas las entradas

domingo, 19 de diciembre de 2021

EGIA OINARRI


                      Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko barne ikerketa emaitzarik gabe itxi du Ertzaintzak. Ezin omen da jakin nork jaurti zuen Iñigo hil zuen gomazko pilota, eta, gainera, polizia-ekintza hartan parte hartu zuten ertzainik gehienak erakundez kanpo omen daude dagoeneko. Ertzaintzari ez dio batere onik egiten jardunbide horrek, eta erakundea balioesten dugunok izan behar genuke zorrotzenak. Iñigoren gurasoak haiekin enpatiarik eta gizatasunik izan ez dela esaten entzutea, berriz, guztiz erdiragarria da. Ekintza neurrigabe batek semerik gabe utzi zituen; egia, justizia eta erreparazioa zor zaie, enpatia eta gizatasuna. Besteak beste, Ertzaintzaren hobe beharrez.

Xabier Euzkitze, Noticias Taldean

domingo, 10 de octubre de 2021

BADUKETE NORK MAITE

    Zirrara batean daramat astea, Maixabel filmak eragindako inarrosaldian. Ongi egina da, sinesgarria. Gidoiak, zuzendaritzak eta aktoreen lan onak laguntzen du istorioa sinesgarri bihurtzen, baina filmak transmititzen duen egiak damaio zinezkotasuna. Dorpea da Juan Mari Jauregi eraitsi zuten tiroen hotsa, bortitza Maixabelen etxean entzuten den telefono soinu tematia, erdiragarria alabari berria ematen dioten unea, lazgarria hiltzaileen atentatu osteko poz-adierazpena, urragarriak epaiketan erakusten dituzten larderia eta begirunerik eza. Pelikularen lehen erdiak aldartea zeharo mikazten du.

        Ondoren dator orain biktimario deitzen zaienen antzaldaketa, bilakaera etikoa, hil zituztenen senideen larruan jartzeko ahalegina, min hori jasan zutenei eta orobat gizarteari zerbait eskaini beharraren kontzientzia. Oso adierazgarriak dira gaztetako logelara itzuli eta hormetan orduko afixa berberak ikusteak Ibon Etxezarretari eragiten dioten nahieza eta arbuioa, gaur ustel eta krudel dakusan mundu harekiko loturak guztiz eten nahia. Bestalde, Ibonek eta Luis Carrascok Maixabelekin izandako aurrez aurrekoetan argi geratzen da irentsi zituen erakundearen antolaketa eta funtzionamendu militarra; goikoek esaten zieten noren kontra jo, eta hil behar zutenari buruz deus jakin behar zutenik ere sentitu gabe exekutatzen zituzten aginduak. Hil eta kitto.

    Film honek berriz aktualitatera ekarri digun gogoeta-giro honetan, Euskal Herrian bederen ia ahobatezkoa da Maixabelen eta alaba Mariaren jarrerari buruzko gorazarrea, baita ezker abertzalearen esparrutik ere. Aldiz, askoz isilago pasatzen ari da Etxezarretak eta Carrascok egindako bidea. Ezinbestekoak izan dira prozesu hau aitzinera zedin, baina batzuek ez dituzte sekula gutartzat hartuko. Ibonek eta Luisek ere badute maite dituen jendea, txistulari ezagunak, pankartak egiten dakiten lagunak, baina ez zaie harrerarik egingo herrian. Musikarik eta bertsorik gabe bada ere, jaso bezate nire aitortza eta esker ona.

Xabier Euzkitze, Noticias Taldean

domingo, 11 de julio de 2021

EREDUAK ETA BIDEA

   Batzuetan oharkabean irekitzen dira kutxa fisiko eta mentalak. Mutrikuko Astigarribia auzoan jaio zen gure amama Gregori, Antzuitza baserrian. Azken urteetan gaitzak lausotu zion oroimena, baina euskal izaera tinkoari eutsi zion azkenera arte; amama Elbira lau urte zituela lekualdatu zen familiarekin Nafarroako Berrotza bailarako Sorlada herrixkatik. Azpeitira lehenik, Azkoitira gero. Sei urterekin jendaurreko aurkezpen bat egin omen zuen Azpeitiko zezen-plazan, euskaraz; attitte Periko, zizurkildarra sortzez, Azpeitiko tren geltokiko lehen burua izan zen. 1938an, gerra minean, ele bitan inprimatutako txartelak atera zituzten: "Urola'ko burnibidea. Loyola'tik Zumaya(Kaya)'ra. Toki Nagusia. Pesetak 2,5. Irixtean, txartel au itzuli".

    Larrutik ordaindu zuten; attitte Gillermo, azkenik, Azkoitiko Euzkitze arraza zen. Abertzale sutsua, euskalzale porrokatua, gizon jantzia eta konprometitua. Hil aurretxoan, 1975ean, gutun bat idatzi zion Donostiako gotzainari, irailaren 20an kanpaiak jotzen jarraitzen zutelako kexaka. Izan ere, 1936ko irailaren 20an sartu ziren nazionalen tropak Azkoitian. Gutunean aurrekari historikoak zerrendatu zizkion Gillermo Euzkitzek gotzain jaunari. Nazionalen garaipenaren osteko egoeraz, hau dio pasarte batean: "En la parroquia es desterrado el uso del vascuence. Rosarios, preces, novenas y pláticas se hacen en castellano. La mayoría de los asiduos feligreses apenas entienden una palabra. Pero un día venturoso aterriza en el pueblo el Santo Obispo de Santander, hijo de la villa, y al enterarse de lo que ocurre, llama al párroco y con autoridad le pide cesen esas anomalías incomprensibles. Nuestros padres se muestran satisfechos; ya pueden conversar con Dios en su lengua, la única que conocen".

      Guri eman diguten oinordekotza ez da besterik ez zekitenen ondare, lan eta borroka kontzientean indar-hustu zirenen jarauntsi baizik. Neure buruarentzat, geratzen zaidan mundualdirako, ez dut beharleku garrantzitsuagorik atzematen haien konpromisoari segida ematen saiatzea baino.

Xabier Euzkitze, Uztarri aldizkari digitalean

lunes, 21 de junio de 2021

KIRRINKA


 Pilotariek sekula ez dute hain ozen garrasi egin izan. Azken urtean askotan esan digute behintzat. Ez dut uste horrela denik. Harmailak hutsik izatearekin, artekarien oihurik gabe, hiru hormaren arteko hotsak biderkatu egiten dira, ozenagotu. Baliteke bakarren batek, lainezatuta, oihartzun hori baliatu nahi izatea, baina ez zait iruditzen oraingo pilotariek lehengoek baino azantz handiagoa egiten dutenik, ezta beste kiroletan dihardutenek baino handiagoa ere.

Datorren asteburutik aurrera pilotalekuetan berriz ere ikusleak izango ditugu –Iparraldeko eta Nafarroakoetan aurrez baimendua zuten, Baikok eta Aspek jenderik sartu ez arren–, eta pentsatze hutsak hotzikara eragiten dit. Orain 30 bat lagun egoten gara frontoian: telebistako eta enpresetako langileak, kazetariak, botileroak eta pilotarien gonbidatu bana. Batere ez da, baina halere azken sakearen aurreko txaloek berebiziko jantzia ematen diote pilota plazari. Seiehunekin zirraragarria izan behar du. Milaka aldiz bizi izan dugunari orain arte ez bezalako balioa emango diogu.

Euzkitze (Noticias Taldean)




sábado, 12 de junio de 2021

XABIER PERITZ MENDIZABAL, EUZKITZE BASERRIKOA

           Bertsoa etxeko sukaldean entzun zuen lehenengoz Xabier Euzkitzek. Aitaren eta amaren arteko zirtoak eta Gloria Fuertesek espainiar telebistan egiten zituen hitz joko eta errimak oso ondo oroitzen ditu azpeitiarrak. Oso bizkor iritsi zen plazetan handienekin abestera, eta agian bizkorregi utzi zuen oholtza, arrazoi politikoak medio. Telebistan karrera oparoa egin du aurkezle gisa 80ko hamarkada amaieratik gaurdaino, aitzitik, ez dio inoiz uko egin bertsolariaren tituluari. Zarauzko bere etxean sartu ditugu mikrofonoak. 


Elkarrizketa entzun

lunes, 26 de abril de 2021

TUNTUN-PAELA

     Neska gazte pertxenta baten bideoa bidali dit adiskide batek, ohar eta guzti: ikusi aurretik, ondo hartu arnasa. Bea Fanjul ageri da, PP alderdiko diputatua da Espainiako Gorteetan eta Nuevas Generacioneseko lehendakari hautatu berria. Sofa batean ageri da, oso modu informalean, hanka bat tolestuta eta irribarrez. Ez dakit nor den galdezka ari zaiona, baina Fanjul eroso dagoela dirudi. Honatx galde-erantzunak:

–Dices que quieres ser la próxima lehendakari.
–Sí, ¡claro!
–Pero... ¿hablas euskera?
–No.
–Entonces, es un poco difícil ser lehendakari, ¿no?
–Nooo, me cargaré las imposiciones esas absurdas que tienen.

     Hamabi hitzetan jarrera eta pentsakera beldurgarri bat islatzen du. Batetik, ez jakitearen harrotasuna erakusten du, ezjakintasunaren apologia lotsa izpirik gabea. Fanjulek 29 urte ditu. Eta euskaraz badakien galdetuta, "no" erantzuten du. Ez "lo entiendo, pero no me suelto a hablarlo" edo horrelakorik, ez. No. Adin horretako bilbotar batek euskaraz batere ez jakiteko espresuki saiatu behar izan du ez jakiten. Bestetik, egin behar dena egiteko prest dago ez dakitenei bizimodua eta aukerak errazteko, koskak lautzeko: Me cargaré las imposiciones esas absurdas que tienen. Lehen pertsonan hitz egiten du, diktadoretxo baten moduan –me cargaré–, baina irribarrerik galdu gabe, adeitsuki..A zer tuntun-paela.......
Xabier Euzkitze, Noticias Taldean
.

lunes, 7 de diciembre de 2020

AZKOITIKO ESKRIBAUA

 Ez diegu estimazio handirik izan eskribauei. Batzuk ez ziren euskaldunak izaten. Euskara mintzatzen edo ulertzen zutenen artean, Gaztelan trebatuak asko. Bestetik, administrazioko erakundeetako beharginak izanik, haien agindu eta irizpide politikoen mende egongo ziren. Ezjakintasunez edo herraz, hainbat euskal izen-deitura eta toponimo itxuragabetu zituzten. 2006an, Nafarroako Gobernuak Estella-Lizarra izen ofizial izateari uko egin zionean, bazekien zertan ziharduen: jatorrizko euskal izenaren hedapena eragotzi eta itxurarik gabeko erdarazko ordaina ezartzen. Lizarran oso ugaria da izen bereko zuhaitza, Lizarragan eta Lizarrustin bezala. Nafarroako Errege Antso V.a Remiritzek hiria eraikitzea erabaki zuenean, Ega ibaiaren bazterreko leku hark aurrez zuen izenaz galdegin zuen. Eskribauak euskaraz jakin ez, ustezko jakintsu bati galdetu, eta hark Lizarra itzuli beharrean Izarra itzuli. Antzeko bilakaerak izan dituzte beste hainbat toponimok: Bi Ahizpe-Dos Hermanas, Muru Artederreta-Muruarte de Reta... Lizunen batek pentsatuko du Uzkioko eskribauak talentu handiagoa zuela: Uzquiano. Apaizak eta odolkiak egiten diren bezalakoak izaten omen dira. Eskribauak ere bai, menturaz. Euskararen Nazioarteko Egunean izan dugu Azkoitiko eskribau baten poema baten berri. 1508 eta 1521 artean idatzia dela uste dute. Eta artikulu hau idazten ari naizen bitartean, begiak itxi ditut; ordenagailuaren argia kandela-argi bihurtu zait, pantaila paper, teklatua idazluma; gure Azkoiti maiteko eskribau-ikasle gazte maitemindu bat irudikatu dut, bihotza mintzo zitzaion hizkuntzan maiteari poema bat idazten; eta, erabat hunkiturik, oraingoz izenik ere ez duen egile xume harekin konexio mistiko paregabe bat lortu dut.

Ez dakit poema harekin maitea limurtzerik lortu ote zuen, baina bihotzetik paperera euskaraz transkribatutako hitz samurrokin bost mende geroagoko euskaldunak hunkitu gaitu.

Ene laztan gozo ederra, penaz penaçen naçu....

Xabier Euzkitze, Noticias Taldean

lunes, 14 de septiembre de 2020

AHANTZIAK

ASTERO zerbaiti buruz idatzi beharrak beti adi eta erne egotera behartzen gaitu, zeri punta aterako. Hiru hilabeteko etenak arreta-maila lasaitzen du hein batean, pixka bat deskonektatzea komeni da gainera, baina ez da zaila tarte horretan gehien astindu nauten sentipenetan murgiltzea.

Tragedia asko ditugu inguruan. Oso gertukoa da Lesbosekoa, bai denboraz, bai geografikoki eta bai gertatzen ari den horretan daukagun erantzukizunagatik. Infernuak sua behar du albiste izan dadin. Bost urte igaro dira, hau ez da pandemiaren ondorio, baina jada lerroburuetatik baztertuak genituen, alfonbrapera bildutako hautsa bezala. Garrek dena kixkali ondoren, lesbostarrek Moria kanpalekuko sarrerak itxi zituzten. Ez gure ongizaterik lohitu. Eta han daude milaka lagun, egurats gorrian. Laster eramango ditu denborak berriz lerroburuen alfonbrapera.

Gaitzeko inarrosaldiak eragin dizkit egunez egun "gaur 20 urte" jazotakoen zerrendak. 2000. urteko uztailaren 29an Juan Mari Jauregi hil zuen ETAk, abuztuaren 8an Joxe Mari Korta, 29an Manuel Indiano. Lehen biak euskaldunak eta euskalzaleak, Korta baserritarra eta abertzalea gainera. Zenbat eta hurbilago, distantzian zein sintonia politikoan, orduan eta gehiago erasaten digu. Juan Mari eta Joxe Mari gogoan ditugu, haien senitartekoei babesa eta elkartasuna adierazten saiatzen gara. Aldiz...

Manuel Indianok hiru urte zeramatzan Euskal Herrian. Goxoki-denda bat zuen Zumarragan eta PP-ko zinegotzia zen, aurrez beste batek beldurrez kargua utzi eta gero. Emaztea haurdun zegoen eta alabarentzat izena erabakia zuten. Maria jaiotzerako hil zuten aita. Hilketaren 20. urteurrenean aitaren argazki bat jarri zuen Facebooken, eta lau hitz: "¿Nadie se acuerda ya?" 13 like jaso zituen publikazioak, eta iruzkin bat, beste lau hitz: "Claro que nos acordamos." Euskal Herritik alde egin beharra izan zuten. Jada ez gara inor oroitzen.

Xabier Euzkitze, Noticias Taldearentzat


 

sábado, 1 de noviembre de 2014

"IRUÑEA KANTUAN" GAUR BALUARTEN

Baluarteko Areto Nagusiak Iruñea Kantuan II euskal abestien jai handia hartuko du bigarrenez gaur larunbata, arratsaldeko 20.00etan. Ihaz gurean ospatutako emanaldian bezalaxe, oraingoan ere euskal musikari eta abeslari ospetsuek hartuko dute parte, besteak beste, Juantxo Zeberio (pianoa), Txema Garcés (moldatzaile eta baxua), Hasier Oleaga (perkusioa), Francisco Herrero (biolina), Joxerra Mitxelena (gitarra), Iñaki Diéguez (moldatzailea eta akordeoia), Xabier Euzkitze, Maria Amolategi, Maite Itoiz y John Kelly (Elfenthal), Alberto Zunzarren, Laura Latienda, Pantxoa Carrere, Menditarrak de Banka eta Kalakan. Gainera, Sarriguren Eskola Publikoko ikasleak, Leitza eta Doneztebeko dantzariak eta Zubietako Johaldunak ere hartuko dute parte. Sarrerak 25, 20 eta 15 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke. Sarrerarik gelditzen bada, noski.

domingo, 19 de enero de 2014

BULEBAR BAT BAINO GEHIAGO

Ezin dut saihestu. Burgos hitza entzun edo irakurtzen dudan bakoitzean, soldadutzari ixkin egiteko hiri hartara egin nuen bidaiak nire baitan txertaturiko irudiak datozkit gogora. Gerora egoera arras desberdinean joan eta bestelako hiri bat ezagutzeko parada izan badut ere, hiri militarizatu eta eskuindar batekin egin nuen topo orduan. Urteak joan eta etorri, agintari multzo bertsuak jarraitzen du posturik seinalatuenetan eta, paradoxa badirudi ere, hauteskundez hauteskunde, leku gutxitan du PPk han adinako botere tradizioa. Orain matxinatu den Gamonal auzoa da paradoxa horren adibide goren. (klik egin-ver más)
Euzkitze, Noticias de Gipuzkoa-n

domingo, 8 de diciembre de 2013

BATUAREN MAKURRAK

Tirabira eta arazo larriak azaleratu dira azken egunotan Euskaltzaindian, aspaldiko jelosia eta konponezinen isla, hain segur. Lehenbailehen bideratu beharreko afera izanik ere, horretaz landa ere ez du beharleku makala euskararen akademiak, euskalgin-tzak, euskaragin edo euskaragileon komunitateak oro har. Zarauzko batzar iskanbila-tsuaren ondoren, euskaltzain eta bidegilez beteriko mahai batean bazkaltzeko zoria izan genuen, eta askoren kezka irten zitzaigun platerera: zer gertatzen da euskara batuarekin? Zergatik izan du hainbesteko prestigio galera azken urteotan? Zergatik ditugu hainbesteko arazoak euskalkien eta euskara batuaren arteko elkarbizitzarako, bakoitzaren lekua eta garaia zein den bereizteko? (klik egin-ver más)
Euzkitze, Noticias de Gipuzkoa aldizkarian