viernes, 27 de junio de 2014

IMANOLEN OROITZAPENA, HAMAR URTE GEROAGO

Imanol Larzabal duela hamar urte hil zela irakurtzean, oroitzapen deseroso bat etorri zait akordura, kontrako eztarritik bezala. Lausoa da, uda estreinatu berri honetan hain kontrako eztarritik sartu zaigun behe-lainoa bezainbat: gazte kuadrilla bat ageri zait, eztabaidan. Imanolen askatasuna defendatzen du batek, desadostasunerako eskubidea, disidentziarakoa. Gainerako guztiak ditu kontra: pintaketa baten aitzakian kantariak gauzak bere onetik atera dituela erantzun dio batek, protagonismo bila dabilela. Beste batek etsaiari jokoa egitea egotzi dio, herriari traizio. Boikota eskatu du. Buru mugimendu soilekin iritzi bertsukoak direla agertu dute gainerakoek. Eta itzal bat zabaldu da Imanol babestu duen gaztearen aldera, denik eta ilunena: herriari eta haren alde bizia ematen ari direnei bizkar ematearena, traizioarena. Wikipediak lagundu dit oroitzapenari data jartzen: 1989koa behar du, Contra el miedo kontzertuaren garaikoa. Lepoa jokatuko nuke gazte kuadrilla hura gaur elkartuko balitz oso bestelako iritziak emango lituzketela Imanolekin gertatutakoari buruz; are, denek esango luketela Imanol maite dutela. Oso bestela hitz egingo luketela traizioaz. Eta ez luketela Herri idatziko, herri baizik.
Baina gazte haiek gu izan ginen, eta hori ere memoria da.
Idurre Eskisabel, BERRIAn

No hay comentarios:

Publicar un comentario