lunes, 26 de marzo de 2018

JEXUX UZKUDUN: "ENPRESEK HERIOTZA ZIGORRA EZARRI ZUTEN"

CCOO sindikatuaren EAEko lan osasun eta ingurumeneko arduradun izana, Orbegozon izan zuen lehen harremana amiantoarekin eta haren kontrako borrokan erreferentzia da Euskal Herrian Jesus Uzkudun (Hernani, 1949). Orain, erretiroa hartuta, Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteko bozeramaile dihardu. 
1981ean zerbait irakurtzen hasi nintzenean nire buruari esaten nion amiantoa uralitaren industrian eta ontzioletan soilik zegoela. Eta 1990ean oraindik zuri ateratzen nintzen Hernaniko Orbegozotik balaztetako zapatak konpontzen. 1997an eraman genuen lehenengo epaiketa CCOOtik. Gasteizko Garaje Modernoko mekaniko bat zen, Santiago Busto, amiantoaren biktimen elkarteko egungo abokatuaren aita: peritoneoko mesoteliomaz hil zen. Ordurako dokumentazio asko zegoen, baina ze kuriosoa... juezak eta Osalanek esan zuten Garaje Modernon ez zegoela amiantorik. Nola ezetz? 40 urte zeramatzaten balaztetako amiantoa haizearekin garbitzen eta! Hori izan zen hasiera. Urte horietan amets egiten nuen Orbegozoko zubian nindoala, neroni ere gaixo.

Zu ere gaixotu zaitezke... nola eragiten du horrek daramazun borrokan?
Amets hori... Aurreko astean nirekin lan egindako baten epaiketa izan dugu, sententziaren zain gaude. Auzi bat irabaztean halako poza eta mala letxea sentitzen dut. Sindikatuan goi mailako ardurak hartu nituenean, gogoratzen dut Osalaneko kontseiluko kide batek 2001. urte inguruan esan zidala: “Jexux, alarma soziala ari zara sortzen”, eta nik: “Jendea ez da nirekin gaixotzen, gaixotuta etortzen da”. Gauzak oso ezberdin ikusten dira amiantoa zuk jan duzunean, borroka pertsonala ere bada.
Urko Apaolaza, ARGIAn

No hay comentarios:

Publicar un comentario