lunes, 14 de septiembre de 2020

AHANTZIAK

ASTERO zerbaiti buruz idatzi beharrak beti adi eta erne egotera behartzen gaitu, zeri punta aterako. Hiru hilabeteko etenak arreta-maila lasaitzen du hein batean, pixka bat deskonektatzea komeni da gainera, baina ez da zaila tarte horretan gehien astindu nauten sentipenetan murgiltzea.

Tragedia asko ditugu inguruan. Oso gertukoa da Lesbosekoa, bai denboraz, bai geografikoki eta bai gertatzen ari den horretan daukagun erantzukizunagatik. Infernuak sua behar du albiste izan dadin. Bost urte igaro dira, hau ez da pandemiaren ondorio, baina jada lerroburuetatik baztertuak genituen, alfonbrapera bildutako hautsa bezala. Garrek dena kixkali ondoren, lesbostarrek Moria kanpalekuko sarrerak itxi zituzten. Ez gure ongizaterik lohitu. Eta han daude milaka lagun, egurats gorrian. Laster eramango ditu denborak berriz lerroburuen alfonbrapera.

Gaitzeko inarrosaldiak eragin dizkit egunez egun "gaur 20 urte" jazotakoen zerrendak. 2000. urteko uztailaren 29an Juan Mari Jauregi hil zuen ETAk, abuztuaren 8an Joxe Mari Korta, 29an Manuel Indiano. Lehen biak euskaldunak eta euskalzaleak, Korta baserritarra eta abertzalea gainera. Zenbat eta hurbilago, distantzian zein sintonia politikoan, orduan eta gehiago erasaten digu. Juan Mari eta Joxe Mari gogoan ditugu, haien senitartekoei babesa eta elkartasuna adierazten saiatzen gara. Aldiz...

Manuel Indianok hiru urte zeramatzan Euskal Herrian. Goxoki-denda bat zuen Zumarragan eta PP-ko zinegotzia zen, aurrez beste batek beldurrez kargua utzi eta gero. Emaztea haurdun zegoen eta alabarentzat izena erabakia zuten. Maria jaiotzerako hil zuten aita. Hilketaren 20. urteurrenean aitaren argazki bat jarri zuen Facebooken, eta lau hitz: "¿Nadie se acuerda ya?" 13 like jaso zituen publikazioak, eta iruzkin bat, beste lau hitz: "Claro que nos acordamos." Euskal Herritik alde egin beharra izan zuten. Jada ez gara inor oroitzen.

Xabier Euzkitze, Noticias Taldearentzat


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario