Ez diegu estimazio handirik izan eskribauei. Batzuk ez ziren euskaldunak
izaten. Euskara mintzatzen edo ulertzen zutenen artean, Gaztelan trebatuak
asko. Bestetik, administrazioko erakundeetako beharginak izanik, haien agindu
eta irizpide politikoen mende egongo ziren. Ezjakintasunez edo herraz, hainbat
euskal izen-deitura eta toponimo itxuragabetu zituzten. 2006an, Nafarroako
Gobernuak Estella-Lizarra izen ofizial izateari uko egin zionean, bazekien
zertan ziharduen: jatorrizko euskal izenaren hedapena eragotzi eta itxurarik gabeko erdarazko
ordaina ezartzen. Lizarran oso ugaria da izen bereko zuhaitza, Lizarragan eta
Lizarrustin bezala. Nafarroako Errege Antso V.a Remiritzek hiria eraikitzea
erabaki zuenean, Ega ibaiaren bazterreko leku hark aurrez zuen izenaz galdegin
zuen. Eskribauak euskaraz jakin ez, ustezko jakintsu bati galdetu, eta hark
Lizarra itzuli beharrean Izarra itzuli. Antzeko bilakaerak izan dituzte beste
hainbat toponimok: Bi Ahizpe-Dos Hermanas, Muru Artederreta-Muruarte de Reta...
Lizunen batek pentsatuko du Uzkioko eskribauak talentu handiagoa zuela:
Uzquiano. Apaizak eta odolkiak egiten diren bezalakoak izaten omen dira.
Eskribauak ere bai, menturaz. Euskararen Nazioarteko Egunean izan dugu
Azkoitiko eskribau baten poema baten berri. 1508 eta 1521 artean idatzia dela
uste dute. Eta artikulu hau idazten ari naizen bitartean, begiak itxi ditut;
ordenagailuaren argia kandela-argi bihurtu zait, pantaila paper, teklatua
idazluma; gure Azkoiti maiteko eskribau-ikasle gazte maitemindu bat irudikatu
dut, bihotza mintzo zitzaion hizkuntzan maiteari poema bat idazten; eta, erabat
hunkiturik, oraingoz izenik ere ez duen egile xume harekin konexio mistiko
paregabe bat lortu dut.
Ez dakit poema harekin maitea limurtzerik
lortu ote zuen, baina bihotzetik paperera euskaraz transkribatutako hitz
samurrokin bost mende geroagoko euskaldunak hunkitu gaitu.
Ene laztan gozo ederra, penaz penaçen naçu....
Xabier Euzkitze, Noticias Taldean
No hay comentarios:
Publicar un comentario