Ondoren dator orain biktimario deitzen zaienen antzaldaketa, bilakaera etikoa, hil zituztenen senideen larruan jartzeko ahalegina, min hori jasan zutenei eta orobat gizarteari zerbait eskaini beharraren kontzientzia. Oso adierazgarriak dira gaztetako logelara itzuli eta hormetan orduko afixa berberak ikusteak Ibon Etxezarretari eragiten dioten nahieza eta arbuioa, gaur ustel eta krudel dakusan mundu harekiko loturak guztiz eten nahia. Bestalde, Ibonek eta Luis Carrascok Maixabelekin izandako aurrez aurrekoetan argi geratzen da irentsi zituen erakundearen antolaketa eta funtzionamendu militarra; goikoek esaten zieten noren kontra jo, eta hil behar zutenari buruz deus jakin behar zutenik ere sentitu gabe exekutatzen zituzten aginduak. Hil eta kitto.
Film honek berriz aktualitatera ekarri digun gogoeta-giro honetan, Euskal Herrian bederen ia ahobatezkoa da Maixabelen eta alaba Mariaren jarrerari buruzko gorazarrea, baita ezker abertzalearen esparrutik ere. Aldiz, askoz isilago pasatzen ari da Etxezarretak eta Carrascok egindako bidea. Ezinbestekoak izan dira prozesu hau aitzinera zedin, baina batzuek ez dituzte sekula gutartzat hartuko. Ibonek eta Luisek ere badute maite dituen jendea, txistulari ezagunak, pankartak egiten dakiten lagunak, baina ez zaie harrerarik egingo herrian. Musikarik eta bertsorik gabe bada ere, jaso bezate nire aitortza eta esker ona.
Xabier Euzkitze, Noticias Taldean
No hay comentarios:
Publicar un comentario