miércoles, 13 de julio de 2016

ALDAKETAK

Zerbait aldatzen ari da. Eta hori ona da. Ez dut esango 68ko maiatzaren antzeko iraultza batean sartuta gaudenik, baina sentsazioa daukat aurtengo San Ferminetan zerbait aldatu dela. Hasteko, dozenaka emakumeren artean txupinazoa "feministizatu" zuten "autodefentsa feminista" leloa zeraman pankarta zabalduz. Bigarrenik, bost gizonezkoren artean 19 urteko neska bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko jende-andaka elkartu zen plaza horretan bertan, Udaletxe plazan. Biak ahala biak berriak eta iraultzaileak.
Zerbait aldatzen ari da eta hori ona da. Garai batean, ez horren urruti, emakumeek ez zuten festan egoteko ia eskubiderik. Gaizki ikusia zegoen. Garai batean, ez oso urruti, plaza gizonezkoek betetzen zuten. Garai batean, ez oso urruti, emakumeen espazioa eta jarrera hutsala eta pasiboa zen. Baina gauzak aldatzen ari dira. Ez ditut datuak, baina pentsatu nahi dut San Ferminetan eman den sexu-erasoen kopurua ez dela aurreko urteetan eman dena baino altuagoa izan. Pentsatu nahi dut gugan, emakumeongan, zerbait aldatu dela, eta aldaketa horri ahotsa jarri diogula. Orain salatu egiten da. Badakigulako zer nahi dugun, zer ez, noiz, nola, norekin. Eta gure esku dagoelako egoera aldatzea. Isiltasuna ez da normaltasuna. Salaketak dakarrena da lehen ere existitzen zen baina onartzen ez zen zerbaiti zenbakia jartzea, lekukotasuna ematea, gorputza. Eta zerbaiten kontra egiteko lehenengo gorpuztu egin behar da.
Zerbait aldatzen ari da. Eta zerbait horrek emakumezkoen protagonismoa dauka, jarrera aktiboa, ikusgarritasuna. Emakumea indartsu dago, eta indartsua da.
Jasone Osoro (El Diario Vascon)

No hay comentarios:

Publicar un comentario