martes, 24 de diciembre de 2019

ELIZAK 5.000 ONDARE BAINO GEHIAGO INMATRIKULATU ZITUEN NAFARROAN

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak jakinarazi duenez, Elizak 5.000 ondasun baino gehiago bereganatu ditu Nafarroan. Iruñeko jabetza-erregistroko azken datuak egiaztatu ondoren  iritsi da ondorio horretara.
1998-2007 epealdian, 1.087 inmatrikulazio egin zituen Elizak Nafarroan; 2007tik aurrera, 1.431 izan ziren. Horiek ziren orain arte ezagutzen ziren datu ofizialak.
Bestalde, plataformako ordezkariek ohartarazi dute erregistroan sartutako zerrendak eta Elizak bereganatu dituen ondasunak sarritan ez datozela bat; izan ere, erregistroan ez dira aipatzen ondasun horien inguruan egindako eraikinak.    
Espainiako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, Elizak inmatrikulatutako ondasunak 4.500 inguru dira Estatuan. Alabaina, plataforma ezberdinek bildutako informazioa aintzat hartuta, kopuru hori 100.000tik gora dago.
Horrez gain, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak begi onez hartu du Tokiko Administrazioen Erreformarako Legearen harira aurkeztutako helegitea onartu izana, "inmatrikulazioen auzian udalek eta kontzejuek babes legala izatea ekarriko duelako".
Araudi hori urratsa dela azpimarratu dute, "udalek eta kontzejuek inmatrikulatutako ondasunak berreskuratzeko aukera izango dutelako".  
eitb.eus

No hay comentarios:

Publicar un comentario