domingo, 9 de septiembre de 2018

JAIZKIBEL KONPAINIAK "HEMEN GAUDE ETA EGONGO GARA" ESAN DU

Hondarribiko Kale Nagusia, 08:15 inguru. Erdialdeko galtzada-harriak hutsak, espaloiak gainezka. Asko plastiko beltzekin, ‘Betiko alardea’ kartelekin, txistuekin, zalaparta sortzen, oihuka, irainka… Baina beste asko ere Jaizkibel txalotzen, goraipatzen, ‘Emakumeak alardean’ ahal bezain ozen garrasiekin zabaltzen, animoak ematen, babesten… Aurrez aurre oihuka izan dira batzuk eta besteak. Ertzaintzaren presentzia oso nabarmena izan da. Kazetariek ere irainak jaso dituzte, baita erasoak ere: Euskal Irratietako kazetari bati sakelako telefonoa hartu eta hautsi egin diote alarde baztertzailearen zaleek, zuzenekoan ari zela.
Jaizkibel konpainiako ehunka emakume eta gizonei —inoizko handiena izan da partaideen kopurua— harrera egin dieten erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek, Jaizkibelen desfilea ikusi eta gero, eztarria estu zutela egin dizkiete adierazpenak hedabideetako ordezkariei. Korapiloa zuten, ikusi eta entzun dutenak afektatu die. Denei. Beharbada espero zuten aurretik egindako deialdiek eragina izango zutela Hondarribiko Alarde lasaiago baten bidean, norberak jaia nahi duen bezala bizitzeko desio horretan. Ez da horrela izan. Aurten 22 urte bete dira Jaizkibel desfilatzen hasi zela, eta bidean egindakoa nabarmen positiboa, baikorra eta kontuan hartzekoa izan bada ere, gaurkoa harria, handia gainera, izan da Hondarribiko Jaien ekitaldi horren normalizazio bidean.
Jaizkibel konpainian atera direnak ere estu. Bertako askok bazekiten zer zen irainak jasotzea, plastiko beltzen artean desfilatzea, bizkarra ematen dieten ikusleak izatea. Esperientzia zuten. Beste askok ez, ordea: negar egin duten gaztetxoek, amorruz eskumuturra estutu duten gazteek, irain bati irribarre batekin erantzun dion neska nerabeak… Txistuek estali egin dute Jaizkibelekoen musika, jai gogoa. Baina jarraitu dute, Sainduaraino, duin eta harro.
Baina gaur ondorio bat atera dute: badago lana, asko demontre, egiteko. ‘Hemen gaude, eta egongo gara’ esan dute gaur goizean zurrunbilo ezkor guztiaren aurrean.
bidasoa.hitza.eus