Mugimendu handia karrika Nagusiko Kondestablean. Luis Beaumontekoak -Leringo IV. Kondeak- XVI. mendean eraikiarazia, apezpikuen egoitza ere izan zen luzaroan, eta “produktorearen etxea”, langileari ofizialki produktore erraten zitzaion garaian. Franco hil ondoren ere, urte sail luzean hantxe egon zen balkoian zintzilik “Hogar del productor” kartela. Ikurrean, mailuaren eta igitaiaren ordez, langileek erabili ohi duten bertze tresna horietako bat ageri zen galburu batekin. Eta, hain zuzen ere, frankismo garaiko eta ondoko urteetako paper eta argazki sorta handia dago ikusgai egunotan Kondestablearen jauregian, Orreaga Fundazioak apailatua. Panfleto, izkribu, esku-paper eta kartel politikoak, hamarkadaz hamarkada txukun antolatuta, iragandako garaien oroigarri, adin erditik aurrera doan jendearentzat. Tartean, izen eta gertakari mugarri aunitz zenbait belaunaldirentzat: Artajo, Azurmendi, Jurramendi, Garcia-Pellejero, Aniano, Cano, German, Gladys… Eta hantxe ere, 76ko udaberrian, Anparo Arangoa leitzarrari Iruñeko ospitalean atera zizkioten argazki izugarriak, Tolosako kuartelean lazki torturatu ondoren. Argazkiak “Zeruko Argia” aldizkarian argitaratu ziren. Argazkien ondoan, Anparok berak herriko epaitegian euskaraz egindako salaketa-deklarazioa dago ikusgai: “…bultzadak eta kolpeak jasan nituen gorputzean eta aurpegian; … ur zikinez betetako bañera batean gogorkeriz sartua; ur azpian, burua sartuta edukiarazi zidaten zentzua galdu arte. Gero, golpeak oin-azpietan, izterretan eta ipur-masailetan ematen zizkidaten soka eta zapi busti batekin, buruko ileetan tirakadak sufrituz…”. Sendagilearen agiria ere ageri da: “Izter aurreak eta atzeak, ipur-masailak, giltzurdin eta este inguruak odol haundituz beteak...”, Anparo txikituta iritsi baitzen “Bideko Ama Birjina” ospitalera. Abenduaren 9ra arte, ikusgai.
Enrike Díez de Ultzurrun, Diario de Noticias-en