Jon Barberenak irabazi du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa eta horri esker apirilaren 9ko finalerako sailkatzea lortu du. Elizondoko bertsolariak saio erregularra egin du, hala ere ez du batere erraza izan lehen postua eskuratzea, puntu t´erdiko alde txikia atera baitio bigarren sailkatuari, Eneko Lazkozi.
180 lagunek segitu dute Berako Kultur Etxean egin den saioa. Ikusmin handia zegoen finalerako lehen txartela nork eskuratuko zuen ikusteko, bertsolariek ere antzeman dute presioa eta saioa gorabeheratsua izan da, azkenean Barberenak lortu du sailkatze zuzena. Lazkozek bigarren egin eta hirugarren postua Oskar Estangarentzat izan da. Horien atzetik Jon Elizetxe, Saioa Alkaiza eta Oier Lakuntza sailkatu dira. Bertsolari horiek guztiek beste bi finalaurrekoetako puntuazioen zain egon beharko dute finalean egonen ote diren jakiteko.
Bigarren finalaurrekoa hurrengo larunbatean jokatuko da Leitzako zineman. Sei bertsolari izanen dira taula gainean: Estitxu Arozena, Xabier Terreros, Iñigo Oaletxea, Ander Fuentes “Itturri”, Josu Sanjurjo eta Miel Mari Elosegi “Luze”. http://www.nafarroakotxapelketa.com/
No hay comentarios:
Publicar un comentario