XX. eta XXI. mendeen artean kokatuta bizi da Emilio Majuelo (Tutera, 1953). XX.mendea da bere lan iturria, eta XXI. mendeko erronkak ditu kezka nagusi. Zaragozako Unibertsitatean historia ikasketak amaitu eta berehala ikertzen hasi zenean, Nafarroako mugimendu sozialei begiratu zien, eta arlo horretan murgilduta ibili da bere bizitza osoan, baina Euskal Herria ez du behin ere begi bistatik galdu. Nekazarien, langileen, politikarien bizitzak jorratu ditu, nekaezin, eta hainbat tesi zuzendu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Geronimo de Uztariz Historia Institutua sortu eta zuzendu zuen, eta hamaika artikulu eta liburu idatzi ditu hainbat argitalpen zientifikotan. Txalaparta argitaletxean historia sail bat zuzentzen du, eta, egun, Berria argitaratzen duen Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) administrazio kontseiluko kidea da. Historiaz galdetuta, ez du zalantzarik: oraina ikertu eta hobeto konpreniaraz dezake, eta etengabe berraztertu beharra dago, garaiaren garaiko begiekin. Horregatik, ez ditu onartzen begirada finkatuak edo atzerakoiak. Esaterako, Nafarroa beti eskuindarra eta katolikoa izan dela diotenarena, edo Francisco Francoren erregimenaren gogorkeria zalantzan jartzen dutenena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario