viernes, 26 de abril de 2013

NAFARROAREN EGUNA 2013 BAIGORRIN


Baigorri nafarrez betetzen duen hitzordu handia, Nafarroako Eguna, apirilaren 28an ospatuko da. 35. edizioa da aurtengoa eta ohikoa denez, apirileko hondarreko igandean ospatzen den besta honekin Kulturaldiari amaiera emanen dio Basaizea Elkarteak. Nafarren arteko lotura indartzeko sortu zen besta eta aurtengo leloak ere horri egiten dio erreferentzia: Elkar hitzaren bueltan, elkartasuna, elkarrizketa, elkarlana, elkarezagutza… aipatzen dituzte. Igandeko egitarauak urteroko osagaiak izanen ditu: Baigorriko ikastolak prestatutako askaria, kabalkada desfilea, ikusgarriak eta musika kontzertuek ez dute hutsik eginen. Baigorrira autobusez, autoz, bizikletaz… joanen dira aunitz eta batzu batzuk baita oinez ere, Baztango Mendigoizaleak kasu, goizeko 8:00etan Erratzutik abiatu eta bestara hurbilduko baitira. Bezperan, apirilaren 27an, aurten ere Musikaldia iraganen da Baigorriko elizan, arratseko 9etan. Aurtengo gomitak Bretainatik heldu diren Startijen folk taldea eta Euskal Herriko Saioa taldea dira.
Igandeko egitaraua
Goizeko 08:00etan askaria izanen da, Baigorriko ikastolak eskainirik. 11:00etan Kabalbada: desfileaz gain, plazan ikusgarria izanen da txalaparta, bertsulariak, Amikuze eta Anhauzeko joaldunak, Baigorri-Amikuze eta Txantreako ziganteak, gaiteroak eta trikitilariak, Beasain eta Iruñeko dantzariak, Karmeleren irrintzina eta Basaizearen hitzarekin. Pentzean, 14:00etan ikastolen bazkari alaitua izanen da. Arratsaldean, herriko plazan kirol animazioa eta dantza eta kantu ikusgarria izanen dira, Urretxuko eta Lizarrako dantzariekin eta Xedarin Ahizpak kantariekin. Ondotik, kontzertuak: Bidrio eta Otsoak, Trikidantz, Bretainiako Startijenn taldea, Tinbakada, Kiki Bordatxo eta Joxe Replay. Egun osoan, Uztaritzeko txaranga, Bertsu txaranga, Ezpela, Kuxkuxtu, Euski eta Muttiko Alaiak ibiliko dira karrikaz karrika giroa berotzen.
Ttipi-Ttapa

No hay comentarios:

Publicar un comentario