jueves, 19 de diciembre de 2013

HAMABOST MILA OMEN GINEN

Hamabost mila omen ginen. Ez dakit. Agian. Uholdea izan ginen. Hiruzpalau belaunalditako pertsonak. Aiton-amonak, gurasoak, seme-alabak eta hauen haurrak. Nafarroa osotik etorritakoak. Hainbat koloretakoak. Orain japoniera ikasten duen jamaikar andere lagun euskaldun eder bat agurtzeko ere parada izan nuen. Eta bera ere oso haserre zegoen.
Nafarroa osoko haurrek gazteleraz eta ingeleraz baina batez ere euskaraz ikasi ahal dezaten joan ginen manifara. Mundu globalizatu honetan euskaraz ere bizi ahal izateko hiru hizkuntzak menperatzea baita bide bakarra.
Euskaraz eta Euskal Herriaz ideia ezberdinak dituen uholdea ginen. Bat egin gintuena, Nafarroako Gobernuaren onespenaz D ereduaren kontra egin diren irainen aurrean D ereduaren defentsa izan zen. D eredua baita, gaur egun, euskara menderatzea posible egiten duen eredu bakarra.
Hezkuntza gizaki libreak hazteko daukagun tresnarik garrantzitsuena delako, D eredua aldarrikatu genuen, maltzurkeria eta inposizio guztien kontra. Eta horrexegatik, nik, Pedro Otaduy Iturramako institutoko zuzendari ohia gogoan izan nuen manifestazio osoan zehar. 
Koldo Martinez, Euskalerria Irratian

No hay comentarios:

Publicar un comentario