miércoles, 21 de febrero de 2018

FRANTZIAKO ITZULIAK IPAR EUSKAL HERRIKO ETAPAN EUSKARA AINTZAT HARTUKO DUELA AGINDU DU

2018an Euskal Herriko Ipar zein Hegoaldean munta handiko ekintza eta jaialdiak antolatuko direla ikusirik, Euskaltzaindiak zenbait gutun bidali zizkien urtarrilean hainbat egitasmotan ardurak izango dituzten antolatzaile eta sustatzaileei, tartean, Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiari. Gutun horretan, Frantziako Itzulian euskarari dagokion tokia emateko eskatzen zitzaion Prudhomme jaunari, hots, har zitzala kontuan euskal herritarren hizkuntza eskubideak; zeregin horretan laguntzeko prest azaldu zen Akademia.
Euskaltzaindiaren eskariari erantzunez, Christian Prudhomme Frantziako Itzuliaren zuzendariak agindu du uztailaren 28an Senpere eta Ezpeleta bitartean jokatuko den etapan seinale elebidunak jarriko dituztela, Ipar Euskal Herriko erakundeekin eta Senpereko zein Ezpeletako hautetsiekin adostu duten legez; gainera, lasterketako hizlari ofizialek mezuak ele bitan emango dituztela esan du. Bestalde, Tourraren Diktaketa -martxoaren 30ean izanen dena eta CM2-ko ikasleei zuzendua dena- euskaraz eta frantsesez egingo dela ere agindu du Tourreko zuzendariak.
Euskaltzaindiak baikortasunez hartu du Prudhomme jaunaren erantzuna, garrantzitsua iruditzen baitzaio Tourreko Ipar Euskal Herriko etaparen garapenean zein haren sustapenerako egiten diren askotariko ekimenetan euskarari toki duina eta aproposa ematea -ahozko nahiz idatzizko komunikazioan, seinale eta errotuluetan, webguneetan, publizitatean, harreran, aurkezpenetan eta abarretan-; presentzia hori, gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa izan behar duela gogorarazi zion Akademiak Prudhomme jaunari urtarrileko gutunean.   
Euskaltzaindia euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde aholku emaile ofiziala da, Frantziako Errepublikan Onura publikoko erakunde aitortua (1995), eta bere egitekoen artean dago herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzea.
euskaltzaindia.eus

No hay comentarios:

Publicar un comentario