Donostiako Aste Nagusian, abordatzearen eguna izan dute gaur. Kofradia bakoitzak bere kasa bazkaldu eta gero, pirata guztiek Parte Zaharrean bat egin dute kalejiran. Gazteak, haurrak, gurasoak, adineko jendea, kanpotik etorritakoa eta jaia gustuko duten donostiarrak dantzan jarri dira arratsalde erdian.
Gero denak kaian bildu dira, eta jendetzak bidea ireki die txupinazoaren protagonistei. Altsasuko Gurasoak plataformari eman diote txupina jaurtitzeko ardura piratek, «elkartasuna adierazteko». Omenduak jendearen txaloen artean igo dira eszenatokira. Bel Pozuetak hitz egin du guraso guztien izenean, eta «hunkituta, babestuak eta maitatuak» sentitzen direla adierazi du. «Piratek bezala guk ekaitzari eta enbatari aurre egin behar izan diogu, baina gu itsasontzian mantenduko gara. Injustizia bat gertatzen denean argi dugu ez garela etxean geldituko». Txaloz bete da kaia, eta jendetzak aldarri bakarrarekin egin du garrasi: «Altsasukoak askatu».
No hay comentarios:
Publicar un comentario