lunes, 29 de octubre de 2018

EUSKALERRIA IRRATIAK 30.URTEURREN FESTA OSPATUKO DU AZAROAREN 7AN, ZENTRAL KAFE ANTZOKIAN

Euskalerria Irratiak hiru hamarkada beteko ditu azaroaren zazpian. Lizentzia ukapen guztien gainetik eta bazterkeria ekonomiko guztien azpitik irrati iruindarra hiru hamarkada betetzera iritsi bada, bere komunitate ahaltsu eta eskuzabalari esker izan da. Eta komunitate horretako kideei zorionak eta eskerrak emateko festa antolatu du: 8.000 entzuleak, 200 kolaboratzaileak, 1.000 bazkideak, ehunka iragarleak, lagun guztiak daude gonbidaturik.

Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk entxuferik gabe hiru bat kanta joko ditu; beste horrenbeste eginen dute elkarrekin diskoa prestatzen ari diren Joseba Tapiak, Ion Celestinok eta Nerea Erbitik; eta baita Edozein Bi taldeko kideek ere: Emausko Raperoetako Ritxek eta Soñadores Natos taldeko Aingeruk hain justu.

Ordu bete inguruko ekitaldia izanen da, bi hitzartze laburrekin. Helburua da ospatzea Euskalerria Irratia euskaldunon hiri buruzagiaren berezigarri bihurtu dela; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren euskarazko komunikabideen kontsumoari buruzko inkestaren arabera, irismenik handieneko tokiko irratia da, eta hiri inguru batean errotzea lortu duen bakarrenetakoa: entzuleen artean %70 euskaldun berriak ditu, %62 goi ikasketadunak eta %60 50 urte baino gutxiagokoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario