Urak nahasiak datoz Baikon azkenaldian. Besteak beste, Victorri eta Eskirozi haien lan harremanak ez berritzeak hautsak harrotu ditu taldearen barruan, eta enpresako «hainbat pilotarik» euren ikuspuntua azalduko dute datozen egunetan, GARAri bidalitako ohar batean azaltzen dutenez.
«Azken hilabeteetan jazotako gertakariak direla eta, pilotari profesionalok esku pilota profesionala bizitzen ari den egoerari buruz daukagun ikuspegia plazaratzeko ardura eta beharra sentitzen dugu», diote oharrean.
Agiriak badu ñabardura argigarri bat, izan ere, hizki larriz nabarmentzen duenez, «BATERA eta ELKARREKIN gauden Baiko pilota enpresako pilotari askok pilotaren, pilotazaleen, frontoian dabiltzan neska-mutil gazteen, profesionaletan dauden pilotarien eta profesional mundura iristear dauden horien etorkizunaren alde zerbait egiteko garaia dela uste dugu». Beraz, ondoriozta daiteke agerraldia ez dutela enpresako pilotari guztiek egingo.
Agerraldiak ez du, momentuz, data eta lekurik.
GARA
No hay comentarios:
Publicar un comentario