viernes, 18 de junio de 2010

JOSE ELADIO SANTACARA, TXINARAKO BIDEAN

Jose Eladio Santacara bidaiari zarrakazteluarra kanpoan da berriz ere. Oraingoan hegazkinez joan da, bere Ibiletxe maitea herrian utzita. Montevideon harrapatu dugu elkarrizketa birtual bat egiteko xedez. Uruguaiko fubol selekzioaren garai ospetsuak berpiztuko ote diren sukarrak jota daude bertakoak egunotan. Handik Argentinara joango da hiru asterako, batez ere Urdanpiletan, gutxi gora behera Zarrakazteluren tamaiña duen Panpa hezeko herrian bizi diren izeba Ramona eta gainerako senitartekoei bisita egiteko asmotan. Gero hamar egun inguru New Yorken eta handik Txinara, horixe baita bere bidaiaren helburu nagusia. Batipat horretaz egin nahi diogu galde.
Zer bilatzen duzu oraingoan, Josela?
Lehenik eta behin bertze bidaietan egin ditudan lagunak berriro ikustea, munduaren aniztasuna berriro dastatzea eta batez ere Txinako barnekaldea ezagutzea eta bere errealitatea nere begiz ikustea. Orokorrean, munduko jende xehearekin bat egitea, horrelakoak baitira benetakoak.
Lehen ere Txinan izanda zaude zu. Zer ikuspegi daukazu hango fenomeno ekonomikoaz?
Dirudienez, Txinako garapenaren motor nagusia kanpoko inbertsioa izan da, nolabait munduko populazio handiena duen herrialdea kontsumismoan sartarazi nahian. Hain zuzen ere gertakari ekonomiko hori ezagutu nahi dut gertutik, batez ere barnekaldekoa. Orain sei urte Beijineko handitasuna eta nolabait harrotasuna -hiriburua baita- ikusi nuen, baina eraberean Khasgar eta Urumchin (Xhinkiang turkiarrean) egondu nintzen, eta Pakistandik joanda bertze mundu batean nengoela zirudien. Horrexegatik nere begiekin ikusi nahi dut, ez naizelako fidatzen egunkariek ematen diguten informazioaz. Ea Txinaren garapena zenbateraino den orekatua. Dena den, hantza denez, partidu komunista boterean egoteak nolabait baretu egin du Mendebaldeak berriro kolonizatzea. Dirudun berriak hor daude baina Indiarekin konparatuta -hori baita egin behar den konparaketa- aurrerapenak bistan daude, inork ezin ditu ukatu.
Baina garapen ekonimiko horrek ez du egoera politikoaren eta libertate sistemaren eraldaketarik ekarri momentuz.
Bai, hori dena argitzen saiatu nahi nuke bidaia honetan, baina apal begiratuta. Lehenik abiapuntu bat bilatu behar da, ez guk interesaturik jartzen ditugunak. Ez dira ahantzi behar Txinak, XIX eta XX mendeetan Mendebaldearengandik jasan zituen sarraskiak, umilazioak eta zapalkuntzak, libertatearen eta aurrerakuntzaren izenean beti, noski. Han beren bidea bilatzen ari direla suposatzen dut. Zoritxarrez gehienetan gertatzen den bezala, boteredunek gidatuko dute prozesu hori, baina eskubidea osoa dute. Mendebaldearen hipokresia patetikoa da Txinarekiko ere.
Elkarrizketaren bigarren zatia, gure egoera politikoari eta bereziki Nafarroa Bairen egoerari dagokiona, beste egun baterako utziko dugu. Ordurako Argentinan izango da. Argentina eta Uruguairen arteko final historiko baten atarian, agian. Batek daki!
Bitartean bere kronikak ikusgai daude edonorentzat, bere webgunean sartuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario