Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako bigarren polizia operazioaren zortzigarren urteurrena beteko da urriaren 16an, eta gaur auzipetuak eta babesa ematera joaten direnak 11:30ean bildu dira Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Egunkariak egoitza zuen lekuan. Euskal Herriko eragileen ordezkaritza zabala bildu da Ainhoa Albisu, Txema Auzmendi, Fernando Furundarena, Mikel Sorozabal, Joxemari Sors, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Begoña Zubelzuri babesa emateko.
Urriaren 16an burutu zen bigarren polizia operazioa, eta iaz lehen operazioan atxilotutakoak absolbitu bazituzten ere, beste zortzi lagunentzat zigor eskaera gogorrak egin dituzte; Torrealdaik hartu du hitza auzipetuen izenean, eta gogorarazi duen moduan 184 kartzela-urte eta 235 milioi euroko zigorra eskatzen die Dignidad y Justiciak. Epaia Gipuzkoako Auzitegi Probintzialean dago Auzitegi Nazionaletik horra bideratu ostean, baina auzipetuek gogorarazi dutenez iruzur fiskala leporatzen bazaie ere, ez zuten horregatik itxi Egunkaria.
Torrealdaik esan du operazioa eta auzia salatzeaz gain, beldurrak eraman dituela gaur kontzentratzera. "Zein izan zen operazio hartako protagonista nagusia?: Jose María Aznar eta bere Gobernua. Ez ahaztu, Barne Ministerioa eta Justiziakoa, ohar konpartitu bat argitaratzeraino iritsi ziren, eta Barne Ministerioak gure aurkako helegitea aurkeztu zuen gutariko batzuek torturak salatu zituztelako. Gobernu hartako lehen lehendakariorde izan zen Mariano Raxoik aukera handiak omen dauzka orain Espainiako gobernuko lehendakari izateko", esan du Torrealadaik.
Torrealdaik azaldu duenez, lehen auziko epaia sendoa izan arren, eta egoera politikoa "nabarmen" aldatu den arren, beldur dira auzipetuak: "Oraindik egoerak argi-ilunez beterik jarraitzen du eta Egunkaria auzia abiarazi zutenak berriro Moncloan ikusteko arriskuak ez digu lasaitasunik ematen".
Berria
No hay comentarios:
Publicar un comentario