Sekulan ez zioten barkatu. Bozak irabazi baitzizkion duela hogei urteko Nafarroa ofizialaren hautagaiari, garaile atera baitzen Pegenauteren aurkako lehian. Horrek garai hartako agintarien asmoak hautsi zituen puska baterako, Osasuna ere UPNren beso luzea baizik ez izateko, San Antonio bezala. Behin zuzendaritza-buru izanik, bekatu larri-larriak egin zituen eskuindarren begietarako;denetan larriena klubeko aldizkarian nahiz bozgorailuetako mezuetan euskara erabiltzen hasi izana, eta Sadar Futbol Zelaia Bai Euskarari ekitaldirako utzi izana. Harmailak milaka euskaltzalez mukuru beteta ikusteak alimaleko kolera gorria sortu zuen agintariengan. Handik zortzi egunera, Ollarraren luma gaiztoak “aski da” idatzi zuen, 90eko hamarkadan euskararen arloan izaniko aurrerabideari arrunt arriskutsua iritzita. Neurriak berehala etorri ziren, nor eta Pegenaute izendatu baitzuten euskararen aurkako zuzendari nagusi. Horrekin batera, Osasunako presidentearen aurkako jazarpena hasi zen, polizia goizeko ordu txikietan joan baitzitzaion etxera, bera atxilotzeko asmoz, huskeria bat izan zela kausa: Sadarko atarian, poliziak bikote gazte bati sarrera galarazi, eta presidentea gazteen alde atera zen. Hogei urte lehenago, Nabarreriako Tilo tabernaren jabe izan zen urteetan (istiluak egunerokoak zirelarik), ateak beti zabalik uzten zituen poliziarengandik ihesi sartzen zen jendearentzat. Dena den, une gozorik ere izan zuen, Osasuna lehen mailara eramateaz gain. 1999an, Zaldiko Maldiko elkarteak Lamien Urrezko Orrazia eman zion Osasunari, eta bereziki, presidente jaunari, goi mailako kirolaren arloan euskararen normalizazioaren alde emandako urratsengatik (sarrerak elebitan, publizitatea, Bai Euskarari akordioa sinatzea...). Elkartera ere joan egin zen, zuzendaritzako hainbat kiderekin batera, saria jasotzera. Goian bego.
Enrike Díez de Ulzurrun
No hay comentarios:
Publicar un comentario