jueves, 4 de febrero de 2021

7 URTE JOAN DIRA TARAJALEKO ZORIGAITZETIK

 2014ko otsailaren 6an, 200 bat etorkin Ceutan sartzen saiatu ziren. 90ek, gutxi gorabehera, Tarajal hondartzako mugako eremura iristea lortu zuten, eta igerian zeharkatzen saiatu ziren. Gutxienez 14 itota hil ziren; beste bat desagertu egin zen, eta beste 23 Marokoko agintarien esku utzi zituzten berriro, hondartzan bertan eta inolako prozedura formalik aplikatu gabe. Pertsona haiek uretan zeudela, guardia zibil batzuk lehorrera irits zitezen eragozten saiatu ziren, gehiegizko indarkeria eta istiluen aurkako materiala erabiliz (gomazko pilotak, salba detonatzaileak eta ke-potoak, besteak beste). Espainiako agintariek onartu zuten “istiluen aurkako materiala” erabili zutela pertsona haiek Espainian sartzea eragozteko.

     Zazpi urte igarota, ez da egin ikerketa berehalako, zehatz eta eraginkorrik Estatuko Segurtasun Indar eta Gorputzek indarra eta istiluen aurkako materiala gehiegikeriaz eta beharrik gabe erabili zituzten zehazteko. Gaurdaino egindako ikerketa bakarra zenbait elkarte sozialek sustatu dute, gertaerak argitzeko salaketa bat aurkeztu baitzuten.

     Amnesty International, SOS Arrazakeria, Kolore Guztiak, Denon Elkartea, Grupo Oarso Taldea (GOT), Salvamento Marítimo Humanitario, Donostiako Harrera Sarea, Zaporeak, Intermon Oxfan, Bake Ekintza Antimilitarista, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Matiz Elkartea erakundeek, Tarajalen gertatutakoaren inguruko zigorgabetasuna eta kontu-ematerik eza salatu nahi ditugu, eta “beroan” egiten diren itzultzeak legez kontrakoak direla adierazi nahi dugu. Gertaera tragiko hura konturik eman gabe eta zigorgabetasun osoz itxi nahi izateak inpotentzia eta lotsa sentiarazten dizkigu. “Beroan egindako itzultzeak” debekatzen ez diren bitartean, berriro gerta daiteke Tarajalen jazotakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario