domingo, 28 de septiembre de 2008

LOURDES IRIONDOREN OMENEZKO KANTALDIA TAFALLAN



Urriaren 15 ean, asteazkena, Lourdes Iriondo zenaren omenezko kantaldia izango dugu Tafallako Kultur Etxean. Euskal Kantuzaleen Elkartearen eskutik, herriko Euskara Batzordea eta Kultur Patronatua izango dira antolatzaile.

Lourdes Iriondo (Donostia 1937-Urnieta 2005) 60.hamarkadako euskal kantagintza berriaren zutabe nagusietarikoa izan zen eta hastapen zail haietan berak eta Ez Dok Amairu talde gogoangarrian izan zituen taldekideek ereindako haziaren emaitza da gaur egunerarte iritsi zaigun musikagintza oparoa.

Frankismo garaiko ixiltasun luze eta garratz hura gainditzen asko lagundu zuen Lourdesek. Gerora 1968.ko matxinadan gauzatuko ziren korronte inkonformistak apenas iristen ziren guregana kanpokaldetik. Baina “gazte gera gazte ta ez gaude konforme” hura nere nerabe garaiko belaunaldia altxarazi zuen ikono tankerako zerbait izan zen. Bere ahotsaren berotasun gozoak sortzen zuen zirrara erraietaraino sartzen bait zitzaion orduko euskal gaztediari. Geroztik erabat ezkutatu zen bizitza publikotik. Xabier Lete bere bikoteak ez bezala ixiltasuna aukeratu zuen. Ez zuen inoiz adierazpen publikorik egin eta jendaurrean kantatzeari erabat utzi zion. Urnietako elizako koruan eta umeei erakusteko bakarrik jarraitu zuen abesten.

Kantaldi hau ez da bere omenez Euskal Herrian egiten den lehena, dagoeneko Urnietan eta Zaldibian egin baitira antzekoak. Urnietakoan herriko neska-mutiko talde handi batek amaiera hunkigarria eman zion ekitaldiari “gazte gera gazte” kantatuz. Nahi duenak Euskal Kantuzaleen Elkarteko webgunean dauka bideoa ikusgai. Beraz, euskalzaleok hitzordu bat daukagu urriaren 15 ean Tafallan. Ordurarte.

Praxku

No hay comentarios:

Publicar un comentario