miércoles, 15 de abril de 2020

MENDIGORRIKO D EREDUAREN AUZIA KONPONTZEKO ESKATU DU BEHATOKIAK

Behatokiak prentsa ohar batean azaldu du Mendigorriko gurasoen egoera «ulergaitza» dela; izan ere, urtez urte D ereduaren alde egin arren, Nafarroako Gobernuak euskarazko eredurik ez duela ezarri eta etorkizunean eredu hori ezartzeko asmorik ote duen ez duela zehazten salatu dute. Horregatik, Behatokiak gurasoen eskaerak bere egin eta asteazken honetan Euskarabidean, Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko duen organoan, eskabidea aurkeztea erabaki du.
Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde batek 2015ean ekin zion euren seme-alabek euskaraz ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzeari.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako ordezkaritzak, aldiz, ez du, Behatokiaren iritziz, bidea ireki Mendigorriko gurasoek aukera hori izan dezaten.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak bat egin du gurasoen eskaerarekin, hala eskatzen duten gurasoentzako euskarazko «irakaskuntza lerroak sortzea ezinbestekoa» delako: «Nafarroa guztian bezala, Mendigorria bezalako herri txikietan berebizikoa da etorkizunerako haurrek herrian bertan euskaraz ikasteko aukera izatea».
naiz.eus