martes, 8 de noviembre de 2011

AMAIURREN ESTRATEGIA LANBROTSUA

Arretaz eta begirunez irakurri berri dut Argiakoek Iñaki Antiguedadi egin dioten elkarrizketa, aurrez esanguratsutzat jotzen bainuen Inazio Uriaren hilketa garaiz errefusatu zuen ezker abertzaleko burukide historikoak izan zezakeen iritzia. Irakurritakoak ezkor utzi nau, ordea.

Amaiur eratu zen unetik Kongresura noiz behinka edo euskal nazioaren eskubideen defentsak eskatzen duen ehinean soilik joateko xedea azaldu zuten eta itxura denez, zalantzek bere horretan diraute. Uxue Barkosek jarri zien medizinen salneurriaren inguruko adibideari helduta, Antiguedadek txikikeria erizten die horrelako gaiei. Nor beraren jabe da, noski, Madrilera noiz eta zertara joan behar duen erabakitzeko, baina aldez aurretik argitu behar lituzke erizpideak, eta elkarrizketa honek ez dizkigu argitzen.

Hikamikak sortu dira Anaitasunako mitinaz geroztik, Aralar bertan zegoela eta ez zegoela. Azkenean, Maite Iturreren ahotsaren medio zegoen, esan dutenez. Ez dakit horrekin zer ikusirik ote duen, baina Bilduren baitan zeuden indarren arteko itaun estrategikoak Aralar ez duela lotzen esaten digu hemen Antiguedadek. Konforme ote dago Aralar Amaiurko balizko diputatuen presentzia murriztu horrekin? Eta estrategiaz ezker abertzalearekin bat omen doazen EA eta Alternatiba ere, ados al daude? Harrituko nintzateke hala balitz, batez ere Begoña Lasagabaster Kongresuan hainbeste urtean eduki zuen EAren kasuan.

Ezker abertzaleak normalizazioaren bidean egin behar duen bide luze eta aldapatsuan ez genioke gainerako oztoporik jarri behar, abertzale eta ezkerzale guztion onurarako izango bailitzake lehenbailehen eta ahalik eta hobekien burutuko balu. Baina diskurtso politikoaren koherentzia aipatzen denean, besteok ere badugu eztabaida horretan parte hartzeko eskubidea. Eta horixe da, hain juxtu, delako koherentzia horren nondik norakoak, Antiguedadek lehen baino lanbrotsuago uzten dizkigunak.

Praxku (Zabaltzengo kidea)











1 comentario:

  1. "Hikamikak sortu dira Anaitasunako mitinaz geroztik, Aralar bertan zegoela eta ez zegoela. Azkenean, Maite Iturreren ahotsaren medio zegoen, esan dutenez".
    ----------------------------------
    Praxku:

    "Hikamikak" ez dituk konbustio espontaneoz sortu; GBren inguruko web batetik zabaldu dituk. Hikamikak fabrikatu egin dituk, propio, nahita.

    Erreniegan argitaratu denagatik, batek pentsa dezake Anaitako mitinean Aralarrek ez zuela bozik euki. Zoko batean egon zirela, ixil-ixilik. Neroni ere haserratu egin nauk hori irakurtzean. Azkenean, putza. Gero jakin diat, hori manipulazio zikin eta baldarra besterik ez dela izan.

    Praxku: Konkrezio handiagoa eskatzen diok Antiguedadi. Amaiurrek ez dik 46 orrialdeko programarik. Ezta behar ere. Amaiurren apustua ez ziok bide horretatik. Ez goazek Madrilera PPSOErekin akordio parlamentarioak bilatzera.

    Botikez-eta: Kongresuan, botikak merketzeko iniziatiba bat ez duk bertan behera geldituko Amaiurren abstentzionismoaren erruz. Hori esan dik Antiguedadek, nahiz esateko beharrik ez egon.

    Espero diat hemendik aurrera etorriko diren eztabaidek dotorezia gehixeago eukitzea. Bestela motel...

    ResponderEliminar