domingo, 27 de mayo de 2018

ALDIZKARIA

Osasun etxean ikusi dut, itxaron gelan. Eskuartean hartu, eta beti bezain txukuna azalez eta mamiz, arras jakingarria. Mehe samarra, beharbada. Lehenago, lodiagoa baitzen. Baina, gezurra badirudi ere, erakunde publiko batzuek bizkarra ematen diote, sos gutxiago jasotzen du, eta dohainik banatzen denez, diru publikoen mendean dago erabat. Hamaika herritan banatzen da, etxez etxe, milaka eta milaka etxetan. Ale kopurua izugarria da. Hiriburuan, ez dugu etxean jasotzen, zenbait lekutan uzten dute, nahi duenak har dezan. Euskarak erdaldunentzat duen leihorik onena da, goxoena; erran nahi baita, euskarari buruzko (eta euskararen aldeko) albisteak gaztelaniaz txukun eta atseginez ematen dituen hedabide bakarrenetakoa, erdaldunak gogoan. Izan ere, euskarak saltzaile onak behar ditu, euskararekin zerikusirik eta sentiberatasunik ez duten erdaldunak erakartzeko; edo euskararen kontra daudenen aldera ez lerratzeko; aunitz baitira, gehiegi. Bada, era horretako erdaldunak gurera ekartzen ez baditugu, bidea nekezagoa izanen da. Horretarako egina da aldizkaria. Bazen bertze hedabide bat Iruñean berean, bere ibilbide labur baina oparoan euskararen aldeko mezua erdaraz zabaldu zuena, bere tokia egiten ari zena, eta etorkizun oparoa izan zezakeena. Zoritxarrez, ordea, Nafar Telebistak gutxi iraun zuen, eta arras tresna baliosa izanen zen gaur egungo gezur giro honetan euskararen aldeko mezuak zabaltzeko, eta bidenabar, aldaketaren aldeko mezuak ere bai. Aukera galdua. Bitartean, batzuek ere estu hartu nahi izan dute bertze hedabide idatzi hau. Bada, hori jakinik, ulertgaitza da jende euskaltzalearen eskuetan dauden udaletatik eta erakunde publikoetatik bultzada handiagoa ez ematea aldizkariari. Ea behar bezalako bideak asmatzen diren zenbaitek paratutako trabak gainditzeko eta Ze Berri gogoz hauspotzeko..
Enrike Díez de Ulzurrun

No hay comentarios:

Publicar un comentario