LK da aurtengo Herri Urratsaren leloa, adiera ugariko bi hizki. LK ,“eleka”, mintzatuz, euskararen erabilera baita bultzatu nahi dena, ezagutzaz harago. L, 50 zenbaki erromatarretan, Seaskak aurten bete dituen urteak hain zuzen ere. K, pluralaren adierazle, ugaritzen jarraitzen duten ikastola eta ikasleei aipamena eginez –4.000 ikasleren langa gainditu berri dute Iparraldeko ikastolek–. L eta K, Lizeo eta Kolegio hitzen lehen hizkiak, igandeko festaren etekin ekonomikoekin horietariko bana laguntzea baita xedea: Baionako Estitxu Robles Kolegioa eta Bernat Etxepare Lizeoa.
Egitarau oparoa osatu dute antolatzaileek. Senpereko aintziraren inguruak zazpi gunetan banatu dituzte, bakoitza Euskal Herriko zazpi lurraldeetako baten izena darama. Musikak toki handia du, baina beste hamaika eskaintza ere badira: bertsolariak, jatekoak eta edatekoak, tirolina, edo haurrentzako propio prestatuko programazioak hiru gune ezberdinetan, besteak beste. Aurtengo edizioaren abestia En Tol Sarmiento talde arabarrak egin du, Maddalen Arzallusen kolaborazioarekin.
ARGIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario