lunes, 15 de septiembre de 2008

ULTZAMAKO BI HEDABIDE ARRISKU LARRIAN



Berria egunkariak jakitera eman duenez, Ultzamako Pulunpe aldizkaria eta Esan Erran irratia ixteko arriskuan daude Nafarroako gobernuak euskara erabiltzeagatik komunikabideei urtero banatzen dizkien diru laguntzen diru sailak blokeatuta jarraitzen duelako. Hala, krisiari aurre egiteko murrizketek zuzenean eragin diete euskarazko hedabideei, batez ere txikienei, haiek dute-eta laguntzekiko menpekotasun handiena.
Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Xabier Azanzak gogoratu du ekonomia pattal doala arlo guztietan eta "guztiok estutu behar dugu pixka bat gerrikoa". Baina Hezkuntza Departamentutik murrizketa gehien izan duen atala Euskarabidea izan da, zehazki, lau aldiz gehiago murriztu dute euskararendako diru saila.
Bi hedabideotako kudeatzaile Felix Altzelai oso kezkatuta azaldu da. Ahalik eta denbora gehien saiatuko dira beste diru iturriak bilatuz baina zailtasun handiak iragarri ditu. Bestalde, euskarazko hedabide nafar askoren antzera, Eusko Jaurlaritzatik ere dirua jasotzen dute, baina Esan Erran udal irratia dela eta iaz kendu egin zitzaien laguntza hori. Pulunpek berriz ez du dirurik jaso orain arte hiruhilabetekaria zelako. Aurten hilabetekari bihurtu da eta 8.500 euro jasoko dituzte Gasteiztik baina Altzelaik dioenez, ez da aski izanen Nafarroako Gobernuak deus edo oso gutxi ematekotan. Izan ere, finantzaketaren %60 gobernu bietatik jasotako diruarekin betetzen dute, eta irratiak soilik 40.000 euroko aurrekontua du.
Euskarazko tokiko hedabideek helburu bikoitza dute: tokian tokiko informazioa eskaintzea eta lan hori euskaraz egitea, horrela hizkuntza zabalduz. Horrenbestez, blokeo horrek euskarari ez ezik, tokiko informazioari ere kalte egiten dio. Horiek horrela, Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak hedabide horiekiko kezka azaldu du. "Euskarazko tokiko hedabideak oso garrantzitsuak dira, euskararen normalizazioan betetzen duten funtzioagatik ez ezik, norbera inguruko errealitatera hurbildu eta komunitatean integratzeko egiten duten lanagatik ere".

No hay comentarios:

Publicar un comentario