Nafarroan
Mapa eta errealitatea ez datoz bat
Euskararen Foru Legea aldatzeko saiakerak
Eskaerak hainbat modutakoak dira. Batzuek administrazio eremuen banaketa bertan behera utzi eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatzen dute. Beste batzuek jakineko eskualdeak eremu batetik bestera aldatzeko aldarria egin dute. Eremu erdaldunekoak izanda, D eredua eskola publikoan onartzeko ahaleginean ari dira be stetzuk. Goitik behera ala behetik gora, baina Nafarroako Gobernuari bultzaka beti.
Bultzakada horietako bat eman du Miquel Gros i Lladósek, bere erara. Katalan abokatuaren zaletasunetako bat da soziolinguistika eta Iruñean hamar urtez bizi izan zela baliatuz Recuperación del euskera en Navarra liburua argitaratua du, Euskaltzaindiaren eskutik. Gros i Lladósen asmoa izan da, Nafarroan euskarari buruzko eztabaida parametro eta etorkizunerako aukera errealetan oinarritu dadila. Haren ustez, hedabideek eta administrazio erakundeek azaltzen duten errealitatea urrun dabil panorama benetako horretatik. Gros i Lladósek euskararen datuak aztertu ditu eta horien araberako hizkuntza eremuen banaketa berria proposatu du, eremu euskaldunean eta mistoan eskualde gehiago sartuz.
“Euskararen presentzia” eta eremu banaketa
Grosen ahalegina Nafarroan euskararen ezagutza aztertzea izan da. Horretarako 1986, 1991, 1996 eta 2001eko erroldak aztertu ditu. 2006ko datuak liratekeenaren hipotesia egin du euskararen neurgailua ez baitzuen aplikatu Nafarroako Gobernuak ordukoan. Nafarroako 44 eskualdeak kontuan hartu eta udalez udal aztertu ditu nafarren euskararen ezagutza neurtzen zuten datuak. Berak “euskararen presentzia” izena eman dio aztertutako datuari eta bi subjektu mota batuta atera ditu datuok. Batetik, baskofonoak ditu kontuan, alegia, euskaraz edozein abildade duen nafarra; euskara ulertze soilak balio du. Baskofonoei euskaldunak batu dizkie, hau da, inkestan euskaraz ondo egiten dutela esan dutenak.
Udal bakoitzean 21 urtez euskarak izan duen eboluzioa kontatzeaz gain 1986ko Euskararen Legeak ezarritako eremuen banaketari erreparatu dio, eta gogoratu du urte hartan Nafarroako Gobernuak hiru eremuen banaketa nola egin zuen. Labur esanda honela: euskararen ezagutza %10 baino gehiagokoa zen udalak eremu euskaldunean, %5 baino gehiagokoak eremu mistoan eta %5 baino gutxiagokoak erdaldunean.
1986ko mapa errebisatu
Gros i Lladósek ikerketari esker ateratako datuak kontuan hartuta eta Nafarroako Gobernuak eremu banaketa nola egin zuen ikusita, proposamena egin du: Gobernua, nolabait, Gros i Lladósek landutako “euskararen presentzia” moduko elementu batean oinarritu zen eremu banaketa egiteko. Elementu horrek, euskararen ezagutzak, 21 urtean gora egin du, eta batik bat, ikustekoak dira 25 eta 15 urtetik beherako nafarren datuak. Beraz, 1986ko mapa errebisatu beharra dago bere ustez, gaur egungo egoerarekin alderatuz desfasatua baitago.
Eremu euskaldunean eta eremu mistoan sartuko lituzkeen udalerrien zerrenda egin du Gros i Lladósek liburuan. Eremu euskaldunean ondokoak jarriko lituzke: Estellerrian Ameskoak-Allin eta Lizarraldea, Iruñerrian Etxauribar eta mendebaldeko eta iparreko arroak, Pirinioetan Agoitz, Espartza eta baita Erronkari eta Irunberri ere. Kalkulatzen du eskualde horietan euskarak %20ko presentzia lortuko zuela 2006rako (urte hartako daturik ez zuen). Eremu mistoan honakoak sartuko lituzke: Pirineo eskualdetik eta Iruñerritik falta diren eskualdeak, alegia, Itzagaondoa eta hegoaldeko arroa; Erdi-ekialdeko eskualde guztia Arga Beherea kenduta eta Estellerriaren gainerakoa Los Arcos eta Aguilar ibarra kenduta. Eremu erdaldunean geratuko lirateke, beti ere katalanaren arabera, Erriberako eskualdeak eta erdialdeko eskualdeko hego-ekialdeko zati bat. Lurralde horietan euskarak ez du %10a eta ez dirudi aurki portzentaje horretara heltzea lortuko dutenik.
Gros i Lladósen ustez, ikerketa eskuan, euskara garai historiko okerrenak nozitzen ari zenean ere, indarra hartzen ari zenaren datuak daude. Mendez mende behera zetorren euskara eta XX. mendeko azken laurdenean 50.000 hiztun baino ez zituen euskarak. Europan beste hizkuntza prozesu batzuei gertatu bezala, bazirudien osagai guztiak zeudela Nafarroan euskara galtzeko arriskuan egoteko. Ez da hala gertatu ordea. Gros i Lladósen esanetan ez gaude azken hiztuna hil zain, areago, Nafarroan euskara ez da moteldu eta ez dago besterik gabe bere horretan. Euskara gora egiten ari da, eta gorako prozesua azkartu egingo da gainera etorkizunean. Belaunaldi bat barrurako itxaropena handia da. Liburuaren egilearen ustez, euskarak gizarteak uste duena baino orain eta etorkizun hobeak ditu Nafarroan.
(ARGIA, 2008/9/17)
No hay comentarios:
Publicar un comentario