Segur aski ez zen datarik hoberena. Igande eguerdia. Ordu aldaketaren biharamuna. Erramu eguna. Udaberri hasierako goiz epela, hiriburutik ziztuan ihes egiteko gonbita egiten zuena. Gure gazteak lotan zeuden tenore horretan, bestondoa eztitzen (eztabaida baterako gai mamitsua, kotoien artean hezi dugun belaunaldia). Bertze batzuk inork ez jakin non ziren. Kutsu ezohikoa, heterodoxoa izaki, igandekoak. Periferiaren periferiatik egin ziguten dei, etxe oneko euskaltzaletasunak aho-mihietan erabili bai, baina, egiazki, inoiz gogoan hartzen ez duen eremu "ez euskaldunetik". Dei egileak ez ziren jende ezaguna; guraso tropa bat, beren seme-alabak euskaraz hezi nahi dituztelako Nafarroako Gobernuak egiten dizkien putakeriez nardatuak, horixe haien gradu bakarra. Ez ziren delako euskalgintza horretako inongo elizatako kide. Gehienek militantzia politikorik ez zuten. Bertzerik gabe, ez zitzaien kaskoan sartzen euskaltzale jatorren isiltasuna UPNk azken hilabeteetan -azken urteetan- eman dizkigun ostiko guztien aitzinean. Gure euskalgintza antolatu eta arautua data bat eta lelo bat ezin adosturik zebilen bitartean, igerilekura bota dira, beren kasa, Beriain mendia bezain egia handiak erraten zituen manifestu xume bat lagun zutela. Horra autoeraketa. Horra ekimena. Gure artean gero eta gutiagotan deklinatzen diren hitzak. Sostenguak-eta gero etorri dira. Baita ezikusiak eta ezentzunak ere, ofizialtasunak ez baitu gogoz onartzen sarkinen agerpena. 3.000 lagunek zapatak higatu genituen igandean, hiriburuko karrika zolan. Urteak ditu hainbertze jende ikusten ez zela hemen, euskararen aldeko manifestazio batean. Gehiago behar zen, ordea. Maiatzean bertze manifestazioa etorriko da, handia, ortodoxoa, mila afixetan publizitatua, gure hedabideen arreta erabatekoa bilduko duena. Igandean karrikara atera ginenok bigarren aukera izanen dugu orduan. Atera nahi izan ez zutenek, berriz, hura eta bakarra. Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)
No hay comentarios:
Publicar un comentario