jueves, 16 de diciembre de 2010

OSKAR MATUTE: "LIDERRAK, ZENBAT ETA URRUTIAGO, HOBE"


Bazen garaia! Politikari gazte bat, eta goapoa.
Ez hain gaztea, ez hain goapoa. Aspaldi ez zara okulistarenera joan?
Hain lasai zinateke enpresa batean, kontulari, eta politikan sartu behar...
Ez zait sekula sobera gustatu finantza-ingeniaritza, badakizu, errealitatea zenbakiekin makillatzea.
Arrazoi duzu, munduak aldaketa behar du; eta aldaketak, liderra!
Mundu honek aldaketa behar du, eta aldaketa hori gauzatzeko pertsona asko eta askoren borondate koordinatua. Baina liderrak... zenbat eta urrutiago hobe!
Aldaketa, politika parlamentariotik?
Itxaron, itxaron, udal hauteskundeak datoz lehenik. Dena den, ekintza politikoa ez da (zorionez!) instituzioetara mugatzen.
Momentuz, Donostian gobernatzen duzue, eta ez da gutxi. Baina bai arraroa.
Egia, ez da gutxi eta bai arraroa. Gure etorkizuneko apustua ezkerretara garbi lerratuta eta autodeterminazio eskubidearekin konprometituta daudenekin gobernatzea da. Eta biak errealitate bilakatzea zail ikusten dut PSEn, beraz...
Esperientzia gogorra behar du izan, bere burua “garbiki” ezkerrekotzat duenarentzat.
Zuzentzeko prest gauden kontraesana da. Esaten duguna egin eta egiten duguna esateko ariketan sakontzen jarraitu nahi dugu.
Odonen arabera, ekarpen dezentekoa egin diozue Euskadiko normaltasunari.
Bada, kontuan izanda anormaltasuna dela gaurko politikaren joera nagusia, fruitu gutxi eman digu oraindik.
Ezker abertzalearekin ere lotzen dituzue akordioak. Transbertsalik bada, zuek!
Ezker abertzalearekin edo beste inorekin ditugun akordioak Julio Anguitak zioenaren menera daude: programa, programa, programa. Eta ez estetika transbertsaleko operazioen menpe.
Justiziari beldurrik ez, horratik.Pentsatzen dudana defendatzeari ez diot sekula uko egingo, askatasun ariketa pertsonala dut. Hala ere, justizia egin dadin justizia existitu behar da, eta zalantzak ditut.
Nola daramazu antikapitalista izatea, hain mundu... kapitalistan?
Pazientziaz eta adorez, eta zergatik ez esan, etengabe kontraesanak gaindituz, edo gainditzen saiatuz, behintzat.
Baina, kapitalismoaz harago, ba ote bizitzarik?
Alderantziz dakusat nik. Ba ote kapitalismoaren baitan gehiengoarentzat bizitza duinik? Argi dago nire erantzuna, horrexegatik naiz antikapitalista.
Aritz Galarraga (Argian)

No hay comentarios:

Publicar un comentario