miércoles, 19 de febrero de 2014

PSNREN KONTUAK

Zakur makilatuaren eskarmentua dugu PSNrekin. 2007ko abuztukoak oraino ematen digu min. Ez zaigu atzendu 2011ko maiatzekoa ere. Ezta 1991tik hona UPNren gobernu guztiei eman dien sostengua. Aurreragokoak ez aipatze aldera. Hori guztia hala da. Hala izanik ere, ez da lasto-sua Foru Komunitateko politika inarrosi duen lurrikara. Nafar sozialistek bota duten hordagoa ez daiteke ahoberokeria hutsa izan. Egun hauetako zalapartaren ondotik nola atzera egin sekula betiko hondoratu gabe beren sinesgarritasun apurra? Ez gara inozoak. Alferrik da komenientzia ez den deus bilatzea Roberto Jimenezen itzulipurdi honetan. Ez da arrazoi noblerik, interesa baizik. Seguru aski, inkestek hondoramenaren atarian jartzen zuten PSN. Edo/eta alderdi barnean kolokan zegoen Jimenezen beraren lidergoa. Erreflexu onak aitortu behar zaizkio pitillastarrari. Ederki probestu du Idoia Nievesen agerraldiak ateratako burrunbara. Orain, gobernua eraisten badu, nafar sozialisten buru eztabaidaezina bilakaturik aurkezten ahalko da heldu diren hauteskundeetara, Barcinaren burua bere bulegoan trofeotako duela. Barregarria, ezta? Jimenez, aldaketaren gidaria. Eta bozen ondotik, auskalo. Aukera guztiak zabalik daude, baita berriz ere UPNrekiko tratua, oraingoan Barcina gabe. Hori guztia jakinik baina ez balekite bezala jokatzea gelditzen zaie oposizioko gainerako alderdiei. Konpartsa lana. Ez da haiendako goxoa, ezker abertzalearendako bereziki. Bilduren ustezko partaidetza izanik Estatuko eskuin mediatikoa astintzen ari den mamua, paper diskretua tokatzen zaio indar politiko honi. Ezagun du horrek zer lanak ematen dizkion, lehengo larunbateko Tafallakoa lekuko. Baina hala beharko du, Barcina etxera joanen bada eta hauteskundeak behin betiko eginen badira. PSNrendako lan egitea. Hau latzaren latza.
Aingeru Epaltza, Diario de Noticias-en

No hay comentarios:

Publicar un comentario