uskarazko irakaskuntzaren aldeko kanpaina "garrantzitsu bat" egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Nekane Orozek eman du albistea, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusi berriak. Aurtengo ikasturtean zabaldu da D eredua eremu ez-euskalduneko sare publikora. Hiru herritan lortu dute taldeak osatzea: Tafallan, Lodosan eta Caparroson.
Nahiz eta eskaintza berria izan D ereduarena, gobernuak ez zuen iaz kanpainarik egin matrikulazioa bultzatzeko, eta kritikak jaso zituen hezkuntzako eragile batzuetatik, behar adina ez zuelakoan egin. Aitortu du hutsa gobernuak. "Agian, egin behar zen kanpaina bat. Horri helduko diogu orain", adierazi du Orozek.
Jose Luis Mendoza kontseilariak gogorarazi du iazko aurrematrikulazio kanpainan gutunak bidali zizkietela umeak matrikulatzeko garaian zeuden gurasoei, D ereduaren eskaintzaren berri emateko. Gaizki hartu zuen hori UPNk, adibidez: euskarazko hezkuntzaren aldeko "kanpaina" egitea egotzi zion gobernuari.
Ikasturteko berritasunei buruzko agerraldia egin dute Hezkuntza Departamentuko arduradunek. Mendoza kontseilariarekin batera izan dira Nekane Oroz eta Roberto Perez zuzendari berriak; joan den astean izendatu zituzten, Estebe Petrizanen eta Juan Ramon Elorzen tokian.
LOMCEren ezarpena izango da ikasturteko gai nagusietako bat. Batxilergoko errebalidak sortu du kezka, aurten egin behar baitute lehen aldiz eta unibertsitatean sartzeko notaren %40 ezarriko baitu. Mendozak nabarmendu du erreformaren kontrakoa dela gobernua, baina "segurtasun juridikoa" bermatu behar duela.
berria.eus
No hay comentarios:
Publicar un comentario