sábado, 24 de marzo de 2018

LANGABEZIA %8'5era JAITSI DA IPAR EUSKAL HERRIAN

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekonomia norabide onean doala ziurtatu du Andre Garreta Baionako Merkataritza Ganberako presidenteak, gaur goizean, Baionan. Hiru lurraldeetako enpresaburuen artean egindako inkestak eta bere datu ekonomiko propioek erakusten dute, Garrettaren arabera, “krisiaren irteera bide onetik doala” Ipar Euskal Herrian, eta “negozio dinamika berriak” jarri direla indarrean.
Datu esanguratsua da langabezia 0,3 puntu jaitsi dela 2016ko hirugarren hiruhilekotik 2017kora. Halaber, handitu da lanean daudenen kopurua. Soldatapeko langileak 84.000 ziren aldi horretan, %2,9 gehiago. Haien soldata ere %1,6 emendatu da, 2.186 euroraino.
Hori bai, jende gehiago dabil enplegu bila. 29.830 dira, urtebete lehenago baino %3,9 gehiago. Are okerrago dena, lana bilatzen ari direnen %23,9k 50 urtetik gorakoak dira (+%5,3), eta %41,8k urtebetetik gora daramate enplegu bila.
Enpresen kopurua, berriz, gora doa Ipar Euskal Herrian. 2017an 2.801 sortu ziren (2016an baino %4,4 gehiago), eta 1.494 desagertu ziren (-%2,8). Zerbitzuek (%47,3) eta merkataritzak (%25,8) biltzen dituzte enpresa berri gehienak.
Behera doaz, berriz, zailtasunetan dauden enpresak. Prozedura kolektiboak abiatu dituzte 236 enpresek, %4,1 gutxiagok.
Iker Aranburu, iparraldekohitza.eus

No hay comentarios:

Publicar un comentario