jueves, 23 de octubre de 2008

UPNk ETA PSNk EUSKARA POLITIZATU EGITEN DUTE


UPNk eta PSNk “euskara politizatu” egiten dutela salatu du NaBaik.Nafarroa Bairen ordezkariek prentsaurrekoan egin dute adierazpena. “Pertsona ororen hizkuntza askatasuna defendatzen du eta horrexegatik defendatzen du koofizialtasuna”, adierazi dute NaBairen ordezkariek.


Nafarroa Baik euskara Nafarroako gizon eta emakumeen ondare publikoa dela adierazi du; herritarron eskubidea eta aukera da euskara erabiltzea eta horregatik “hiritarren hautu askea da euskara ezagutzea eta erabiltzea Administrazioarekin duten harremanetan, irakaskuntzan, kulturan nola erabilera sozialean”. Horrela hasi dute NaBairen ordezkari nagusien euskararen inguruan egin duten prentsaurrekoa.


“Hizkuntzaren arloan dagoen aniztasuna defendatzea” ezinbestekotzat jo dute, “halaber, hizkuntzak eta kulturak talde identitate ezaugarriak dira eta euskara bezalako hizkuntza berezkoa nafar batzuei ukatzeak, ez eskaintzeak, haien identitatearen kontra jotzea” dela azaldu dute. Horregatik guztiagatik, “hizkuntza aferaren despolitizazioak hizkuntza askatasunean oinarritzea” dakarrela aldarrikatu du NaBaik, “beraz, koofizialtasunean”.


Nafarroa Bairen iritziz, “koofizialtasuna pertsonen hizkuntza aukera askea demokratikoki bermatzen duen eredu bakarra da”. Era berean, adierazi dute, gaztelaniaz gain bertako hizkuntzari koofizialtasuna aitortu dioten estatuko autonomia erkidego guztiek komunitateko lurralde osoan egin dute, koofizialtasuna lurralde osoan, “eta ez zati huts batean baino ez, Nafarroan egin den bezala”. NaBaik salatu egin du Nafarroan egin den zonifikazioa “ez baitu irizpide soziolinguistiko objektiborik bere oinarrian. Zonifikazioak ez dio ezein agindu konstituzionalari erantzuten eta ez zitzaien lotu Foru Parlamentuak Foru Hobekuntza negoziatzeko ezarritako oinarriei ere”. Zonifikazioak eragiten duen bortxari aurre egin behar zaiola, ezin baita onartu herriren arabera eskubideak izatea ala ez. “Hori horrela, Nafarroa Baik hizkuntza arloan, euskara den ondasun amankomun horrekiko nafar guztien aukerak eta eskubideak defendatzen segitzen du. Xede horiek koofizialtasun ereduaren bidez defendatzen dira”.


NaBaik eskastzat jo du Nafarroako Ezker Batuak eremu ez euskalduneko lau herri eremu mistora pasatzeko egin duen proposamena. Hala ere, eta NaBaik gero onartu ez ziren ekarpenak egin bazizkion ere proposamen horri, prest agertu zen NBEren proposamenaren alde bozkatzeko. Gauzak, ordea, ez ziren atera nahi bezala eta horren aurrean, NaBaik autokritika egin du: “Egin dugun hutsa geure gain hartu dugu eta geure buruari kritika egin diogu, baina afera horretan guztian Nafarroa Baik koherentziaz eta ardura demokratikoaz jokatu du”.


NaBaik salatu egin du “UPNren demokraziaren kontrako jarrera atzerakoia”. UPNk “euskara politizatu” egiten duela salatu du koalizio abertzaleek. Era berean, CDNren jarrera ere salatu du NaBaik, “min handia ematen du bertze garai batzuetan CDNk defendatutako jarrerekin orain duen kontradizioa ikusteak”. Hala ere, “PSOE-PSNren jarrera da gaitzezpen politiko handiena merezi duena. PSOE-PSNk berriz ere kontraesan handian jokatu du. Garai baten koofizialtasunaren alde egon zen, Euskararen Foru Legea aldatzearen alde egon zen eta hala eman zuen botoa eta, orain berriz, bere jarrera aldaketa arin bezain lotsamangarria” izan dela adierazi dute NaBairen ordezkariek. “PSOE-PSNk euskara berriz politizatu du, berriz nafar guztien duintasuna narriatu eta Nafarroako hainbertze jenderen nahikeria eta aukerak zangoperatu ditu. UPNren presioei men egin die eta Zapaterok kulturen eta aniztasunaren defentsan egiten duen arren, aldarrikapen hitz eder hoiei entzungor egiten die Nafarroako sozialistek”.


Ildo berean, Patxi Lopezek euskararen aldeko manifestuaren aurkezpenean egindako hitzak kritikatu ditu NaBaik: “Patxi Lópezen aldarrikapenak irrimangarri utzi ditu PSNk. Sinesgarritasun osoa kendu die. Nolatan izanen du López jaunak ezein sinesgarritasunik hizkuntza politikaren alorrean bere alderdikideek Nafarroan horrela jokatzen segitzen badute?” galdetu dute NaBaitik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario