martes, 8 de junio de 2010

ELORTZIBARKO X EUSKARAREN EGUNA IGANDEAN IMARKOAINEN

Elortzibarko biztanle guztioi euskararekin urtero dugun hitzordua iritsi zaigu: Elortzibarko Euskararen Eguna berriz ere ailegatu da. Ikasturte honetan, Elortzibarren euskararen aldeko mugimendua poliki-poliki sendotzen doala berriro ere erakutsi dugu. Euskaltegian inoiz baino ikasle gehiago izan ditugu Torresen eta Noainen; D ereduko matrikulak berriz ere gora egin du; euskararen aldeko gune berriak sortu dira eta Vascuenceren Legearen inguruko eztabaida eman zenean gure ondorioak atera eta gure asmoa finkatu genuen. Gure hizkuntzaren zonifikazioarekin ez dugu bat egiten eta ez ditugu marra bat zeharkatzeko borroka hutsera gure ahaleginak mugatuko. Gure asmoa haratago doa: Elortzibarren euskaraz bizi nahi dugu. Halaxe aldarrikatu dugu Noainen eta Nafarroa osoan. Eta halaxe jarraituko dugu gure hizkuntza Euskal Herri osoan ofiziala izan arte.
Aipatutako guztiarengatik, eta festa giroan egun ederra pasatzeko asmoarekin, Ekainaren 12an Imarkoainen ospatuko den Elortzibarko X. Euskararen Egunean parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Adin guztietako jendeak goza dezan egitarau anitza prestatu dugu. Beraz, ez egin kale euskarari! Euskararen Egunean ikusiko dugu elkar!

No hay comentarios:

Publicar un comentario