Aldaketa 2015ean etorri da Nafarroara. Haren hazia, ordea, lehenago erein zuten Nafarroa Bai 2003an sortu zutenek. Oroimen pixka baten jabeak gogoan atxikiko du koalizioaren estreinaldi arrakastatsua, Kongresurako 2004ko hauteskundeetan. Gogoan, orobat, arrakasta horren berrespena, Foru Parlamenturako 2007ko bozketetan. Ondotik etorri ziren PSNrekiko negoziaketak eta urte hartako abuztukada, PSOEren aginduz Nafarroako gobernua berriz ere UPNren eskutan utzi zuena. Aldaketa estatu arrazoiek suntsitu ziguten, hatz puntekin ukitu ondoan. Makurrena etortzeko zegoen, alabaina. Aunitzendako etsipengarriena ez zen izan betikoak agintean tinko ikustea. Anarteraino itxura batean funtzionatutako koalizioa ika-miketan amildu zen Miguel Sanzen kargu hartzearen biharamunean, eta horrela iraun legegintzaldi guztian. Lau urtean, pox ttikiena ere ez ziguten eman. Bai, aldiz, behin eta berriz gupidarik gabe lotsagorritu. Noraino eta pozteraino “gureak” gobernura iritsi ez izanaz, dudatan-eta gauza izanen ote ginen hainber-tzeko ahalkea pairatzeko. Batzuek hats hartu genuen trepeta lehertu eta koaliziokide bakoitza bere bideari lotu zitzaiolarik. Orain, esperantza eta molde berriak oparitu dizkigu denboraren joan-etorriak. Aurten posible izan da duela 8 urte ezinezkoa izan zena: lau alderdi edo koalizio desberdinen akordioa, erkidego honetan gauzak desberdinak izan daitezen. Maiatzeko hauteskundeez geroztik lau hilabete iraganik, dagoeneko lehen arrailak ikusten hasiak gara Parlamentuko sozioen artean. Iruñerriko mankomunitateko burutza, erkidegoko senataria etab. Beharbada goizegi da kezkatzeko, baina oroimena tematia da. Nafarroa Bain ibilitako jendea dugu aldaketa bulkatzen dabiltzan lau indarretarik hirutan. Orduko ikuskizun penagarritik zerbait ikasi izanen dute agian.
Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)
No hay comentarios:
Publicar un comentario