jueves, 7 de febrero de 2019

AZKEN TXANPAN

Nafarroako hedabide eskuindarrei kasu egitera, ez dira legealdi akaberara iritsiko ez Uxue Barkos, ez Joseba Asiron, ez Ainhoa Aznarez, Aldaketaren ontziak erreka berehala joko duelakoan. Parlamentuko buruari dagokionez, halaxe izanen da, baldin eta Ahal Dugu taldea hautsi duten Laura Perez eta enparauak oposizioarekin elkartzen badira. Orain Bai izena darabilten parlamentariek ez dute argitu zerk bultzaturik ari diren Ainhoa Aznarez kargugabetu nahian. Iruñeko Udalean ere Orain Baiko lagunek –Aranzadiko zinegotziek– UPN eta PSNrekin batera bota dituzte atzera aurtengo aurrekontuak. Horren ondorioz, bertan behera gelditu dira herritarrekin eta gizarte mugimenduekin adostutako proiektu franko. Aranzadikoek munta handiko bi ardura izan dituzte Udalean, baina bietan ere ederki huts eginik, eta PSNrekin ustekabean azpitik tratua egin ondoren, Asironek udal gobernu taldetik bota zituen, iaz. Orain, hortxe dabiltza, bazterrak zenbat eta nahasiago egoteari onura atera nahian. Gaztetxearen afera ere erabiltzen ari dira Aldaketaren kontra egiteko, gauza jakina baita harreman ona dutela gaztetxeko gazte talde batekin –ez guztiekin–. Bada, gazte horiei garbi eskatu zieten ez onartzeko EH Bilduk proposatutako konponbidea aldameneko udal etxabe batzuetara joateko. Gazteen arteko eztabaida latzen ondotik, talde hori nagusitu zen, hain zuzen ere, eta Rozalejo jauregian gelditzea erabaki zuten. Azken buruan, okupazio horren atzean egungo gazte sektore batzuen arteko lehia ere azaleratu da, Ernairen eta Ikasle Abertzaleen arteko pentsamolde eta estrategia arras kontrakoak, alegia. Gaztetxearen aferak, hori bai, nabarmen tenkatu ditu harremanak Geroa Bairen eta EH Bilduren artean, eta EH Bildu barnean ere ez da une gozoa. Izan ere, baten batek ez du begi onez hartu alkateak Rozalejo eraikinaz hain garbi errandakoa, begi-bistakoa dena, bestalde; hots, etxe horrek ez duela baldintza egokirik bertan bizitzeko edo egoteko.

Hortaz, gisa horretan iritsi gara azken txanpara, azken hiru urtean gauzak bare samar joan ondotik. Orain, ederki zabaltzen ari dira, ez Gobernuan, ez Udalean, deus ere aldatu ez dela dioten ahots interesatuak. Ni ez naiz inola ere iritzi horretakoa. Gabeziak gabezia, hamaika aldiz gehiago nahiago ditut egungo lehendakari andrea eta alkate jauna, ahots interesatu horiek proposatzen dituzten bide antzuak baino. Eta gainera, ziur naiz bi-biek karguari eutsi eginen diotela, gure esku baitago.

Enrike Diez de Ultzurrun, ARGIAn

No hay comentarios:

Publicar un comentario